Garai hartan ohiko irakaskuntza-moldeak zituen mugez jabetuta, ikasleari ahalik eta aukera gehien eskaini behar geniola argi ikusi genuen: taldean eta bakarka, euskaltegira joanda eta urrutitik, irakaslearen laguntzaz zein bere kasa. Eta batez ere, euskaltegiak aldez aurretik ezarritako eskema itxietara mugatu gabe, zerbitzua ikaslearen beharretara moldatzeko ahalegina egin beharra sumatu genuen.
Arrazoi horiek eraman gintuzten bestelako ikas-bide batzuk ikertzera. Lan eta eztabaida askoren ondoren eskaini eta eman genituen. Ageriko kontua da arrakasta handia izan dutela eta milaka ikasle izan ditugu autoikaskuntza tutorizatuan azken urte hauetan. Saiakera horietan egin ditugun akatsak asko izan dira, ondo eta egoki egindakoak ere bai, baina batez ere euskararen ikaskuntza bultzatzeko etengabeko hausnarketa-prozesu batean ibili gara, argi-itzalak eta gorabeherak izan dituena baina emaitza onak ere lortu dituena. Horixe da, azken batean, etengabeko berrikuntza-prozesu batez espero izatekoa.
2012-2013 ikasturtearen hasiera gaudela, berriz, agur esan behar diegu urte hauetako lan eta esperientzei.
Hori horrela izateko arrazoi nagusia HABEk autoikaskuntza-moldean ari diren ikasleak diruz laguntzeko prozedura aldatzea izan da. Oraintsu arte zenbat ikasle izan, hainbat irakasle diruz lagundu. Pasa den ikasturtetik aurrera, asistentzia erreala hartu du HABEk irizpidetzat euskaltegiari ikasle horien irakasle-soldatak ordaintzeko. Gure kasuan, 2011-2012 ikasturtean 3 irakasle aritu dira 120 bat ikasle atenditzeko. 120 ikasle horien benetako asistentzia %50ekoa izan denez, 2012-2013 ikasturtean irakasle eta erdi ordainduko digu HABEk, daukagun ikasle-kopurua gorabehera. Horrela, pare bat ikasturtetan akabo!
Hemen ez gara luzatuko asistentzia hori kalkulatzeko HABEk erabili duen irizpide-aniztasunean (ederra litzateke ikasle bakoitzaren kasuan eskola jaso ote duen neurtzeko irizpidea ez aldatzea eta beti bat izatea, lortu nahi den kalkuluaren emaitza edozein dela) baina euskaltegietan ohiko taldeetan horrelaxe jokatuta, akabo euskaltegiak ere! Eta Hizkuntza Eskola Ofizialak, eta unibertsitate publikoak...
Hala ere, jakin badakigu 1998an autoikaskuntzarako zerbitzua sortzera eraman gintuzten arrazoiak gaur egun ere hor direla. Horregatik, ez dugu etsiko eta, orain arte bezala, aurrera egingo dugu Helduen Euskalduntzeak behar dituen berrikuntzak ahal dugun neurrian bultzatuz.
Lastima gero.
ResponderEliminar