2013-02-26

Euskara ikasi XXI. mendean



Otsailaren 14an AEKk Gasteizen bildu gintuen hainbat lagun Euskara ikasi XXI. mendean izeneko jardunaldien programaren barruan. Bertan aukera izan nuen Josu Perales, Ainhoa Ezeiza eta Maite Goñirekin eztabaidan aritzeko, Benito Fiz moderatzaile genuela. 

Mahai-inguru formatua izan zuen ekitaldiak eta gai nagusia gaur egun hizkuntzen eta bereziki euskararen ikas-irakaskuntza norantz doan jorratzea izan zen. Horretarako, hainbat azter-puntu planteatu zizkigun Benito Fizek:
  • Zein izan dira azken urte hauetan irakaskuntzako aldaketa metodologiko nagusiak?
  • Aldaketa edo berrikuntza horiek euskararen irakaskuntzan izan ote dute isla?
  • Zeri erreparatu behar genioke bereziki irakasleok gure irakas-moldea gauzatzeko unean?
  • Zein gomendio emango genieke euskara XXI. mendean ikasi edo irakatsi behar dutenei?

Egia esan, gai sakonak horren denbora-tarte txikian jorratzeko baina, hala ere, han bildu ginenok saiatu ginen hausnarketa eta gogoeta egiten. Nere aldetik, han esandakoak ekarri nahi izan ditut hona.


Azken bolada honetan zenbait kontzeptu ari gara entzuten etengabe irakaskuntzaren munduan, halako berrikuntza-aro batean gaudela pentsatzera eraman gaitzaketenak: ikasleen konpetentziak areagotu beharra, proiektuetan oinarritutako irakaskuntzaren mesedeak, ikaskuntza ez-formala, PLE edo ikasteko ingurune pertsonalak, ikasgela birtualak, MOOC-ak edo on-line eskaintzen diren ikastaro ireki eta masiboak, sare sozialen eragina ikas-prozesuetan, e-portfolioak...

Ekarpenak eta kontzeptu berriak asko dira, baina kontraesankorra izan badaiteke ere, nik ez dut aldaketa handirik sumatzen gaur egungo irakaskuntzan, ezta hizkuntzak ikasteko dugun ustezko aukera-aniztasun ikaragarrian ere. Baliabideak izugarri handitu dira, multimedia biltegiak ere bai, era guztietako ikas-materialak ditugu eskura, metodoak ere nahi beste...

Baina, salbuespenak salbuespen, azken urte hauetan ikasgela barruko errealitatean ezer gutxi aldatu dela uste dut. Alde batetik, ikaslea oraindik ere agente pasiboa da, zain dagoena irakasleak zer eta noiz irakatsiko. Bestetik, eduki eta ezagutza kontzeptualen inguruan egituratutako irakas-moldea dugu orain ere nagusi.


Horri, jakina, gaineratu behar zaio azken orduko berrikuntza askoren ikuspuntu didaktikoak zeharo zaharkituak direla, kasu askotan teknologiak, nahita ere, ezin mozorrotu ditzakeen planteamendu tradizionalak. Direlako MOOC horietako asko dira (agian ez guztiak) esaten ari naizenaren adibide argia: on-line ikastaroak dira, doakoak eta ezagutza partekatzea helburu dutenak baina goitik eta behera edukietan oinarritu eta egituratzen direnak. Foro bat izaten dute, bai, zalantza eta galde-erantzunetarako. Finean, garai bateko klase magistralen oso antzekoak.

Helduen euskalduntzeaz ari garela, antzeko zerbait gertatzen ari ote den irudipena dut. Gramatika-edukiei tinko helduta gaude, nahiz paradoxikoki ahozkotasunari eta erabilerari garrantzia handia ematen diogun. Atzean geratu zaizkigu ikaslearen autonomia, ikas-estrategiak, hizkuntzaren gaineko ikuspuntu diskurtsiboa... Jo eta ke erabili genituen kontzeptu horiek orain urte batzuk baina neuk behintzat, ez ditut geure eguneroko jardueran txertatuta ikusten. Garai bateko modak izan ziren, antza.


Izan ere, duela 15 bat urte edo, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua (HEOK) euskaltegietan indarrean jarri behar izan genuen garaian, halako berrikuntza-aroa bizi izan genuen euskaltegietan ari ginen guztiok. Zer geratzen da saiakera hartatik? Zertan aldatu ziren benetan gure egokitzapen kurrikularrak? Zer isla izan zuen gure ikasgeletan?

Handik urte batzuetara HABEk berak itzuli zuen Europako Erreferentzia Markoa. Inork esango al lidake zein ote den dokumentu horrek helduen euskalduntzean izan duen garrantzia edo eragina, non topa genezakeen horren aztarnarik? Egia da HABEk berak aspaldi agindu zuela Markoaren egokitzapena eta oraindik ez dugula horren berri izan; baina HABE gorabehera, euskaltegietan egin ote dugu horren egokitzapenik edo horretarako ahaleginik, bederen?

Beti izan naiz aholku-emale eskasa baina badira hiru alderdi ikasgela barruko dinamikan txertatu eta emaitza ona izan dezaketenak.
  • Esan bezala, euskara ikasteko materialak, tresnak eta baliabideak ikaragarri ugaritu dira baina gure ikasleek ba ote dakite horiekin zer egin, nola atera probetxua? Ikasgelan prestatzen al ditugu sarean guztion esku dauden materialak modu autonomoan erabil ditzaten? Alderdi benetan garrantzitsua da hau.
  • Edozein hizkuntza ikastea prozesu luze eta zaila da. Ikasleak erronka horri aurre egingo badio, ikasten jarraitzeko motibazioa beharko du. Horrelako denbora luzean zehar gertatzen den prozesua arrakastatsua izateko, ikasleak derrigor ikusi behar du ikasten ari dela eta aurrera doala. Horretarako, ikasi bitarteko datuak jasotzea (egindako idazlanak, irakurritako artikuluak edo liburuak, bere ahozko jardunaren grabazioak...) oso eraginkorra izan daiteke, horien gaineko hausnarketa bideratzeko eta denboran zehar zer ikasi den eta zertan hobetu den begi bistan izateko. Azken batean, nork bere ikas-prozesuaren ibilbidea datu errealetan jasotzeak hainbat abantaila izan ditzake. Alde batetik, ikasitakoaren gaineko hausnarketa eta oraindik ere ikasi beharrekoari buruzko planifikazioa bultza daitezke, eta bestetik, aurrera ez goazen sentsazioa dugunean benetako datuak erabiltzea onuragarria izan daiteke. Jakina, portfolioaz ari naiz eta ziur naiz ikaslea sortzera animatzea eta horretarako laguntza ematea oso jardunbide eraginkorra izan daitekeela epe ertain bati begira.
  • Gaur egun dena dago sarean esaten dute askok eta egia bada ere, egia handiagoa da gaur egun dena egiten dela sarean. Euskara ikastea euskara erabiltzea da eta euskara erabiltzea euskara ikastea. Sarea euskaraz erabiltzeko aukera dugu gaur egun, alderdi soziala euskaraz garatzekoa. Horra hor, euskara erabiltzeko eta, beraz, ikasteko bitarteko ahaltsuenetakoa.
Erantzun gabe utzi ditut hainbat galdera. Berez naizen baino ezkorragoa agertzea zen arriskua. Ekidin dudala uste dut, han urrun argi zuri txiki bat ikusten dudala iruditzen baitzait tarteka.

6 comentarios:

  1. Irudipena daukat aipatu dituzun berrikuntza guzti horiek, dokumentu eta curriculum berri horiek, makillaje hutsa direla. Tarteka, oraindik nagusi den hezkuntza eredu zaharkituari gaztetu nahi izaten dugu eta horretarako asmatzen dira elementu ponpoxo horiek guztiak.

    Baina hezkuntzaren oinarria, benetako ikaskuntza prozesua ia ez da aldatzen. Guztia dago marketing kanapaina baten inguruan antolatuta. Adibide bi besterik ez dizkizut ipiniko:

    Ikastolen Elkarteak duela egun batzuk EKI proiektu berria aurkeztu du. Euskal Curriculuma, Konpetentziak eta Integrazioaren pedagogia oinarri dituena. Egintzazu bilaketa txiki bat, sarean ipini den informazio apurra kontsultatzeko. Eta egiozu galdera hau zure buruari? Non kokatzen dute ikastoletako arduradunek proiektuaren fokoa. Hiru ardatz nagusi horiei erreparatuz, nik esango nuke proiektuaren ardatza ikaslea izan beharko litzatekeela (bestela ere, noski ahal behar du). Eta ikaslearen inguruan gabiltzan profesionalok jarraian, izan ere hru ardatz horien inguruan lan egiteak, irakasleon lanaren birplanteamendu sakon bat eskatzen du. Bada, fija zaitez, zabaltzen ari diren informazioan eta konturatuko zara, marketing estrategia bat besterik ez dela, betikoarekin jarraitzeko; ikasmaterial berriak sortzeko aitzakia bat.

    Beste adibide bat. Aste batzuk dira Androiden inguruan lehen Mooc euskalduna sarean zabaldu dela. Lehenengoz irakurri nuenean buruari etorri zitzaidan galdera zerrenda ikaragarri luzea izan zen:

    - Zenbat partaide behar ditu MOOC batek, masiboa izateko?
    - Sor al daiteke Goierriko Txalapartari euskaldunen artean MOOC bat?
    - Ikas al daiteke txalaparta jotzen MOOC batean parte hartuta?
    - Zenbateraino "open" izan daiteke Moodle baten gainean muntatutako MOOC bat?
    - Zenbateraino horizontala izan daiteke ikastaro bat erabiltzaileen artean hierarkiak zehazten dituen software batekin? (ikus bestela, nola agertzen diren MOOC-aren oinarrietan ikastaroaren HIRU ARDURADUN nagusiak)
    . Zergatik deitzen diote MOOC e-learning ikastaro tradizional bat denari?

    Berriro diot, sarean topatzen ari garen sasi-berrikuntza horietako gehienak marketing hutsak dira, bluff handiak, kasu askotan. Eta horien bultzatzaileak, gehienetan, ez dituzte sekulan praktikan ipini gela barruan.

    Dagoen berrikuntza horietatik autentikoak, baliagarriak, aldaketa eragiten dutenak eta benetan emaitza esanguratsu eta desberdinak ekartzen dituztenekin jotzea izan beharko luke irakasleon helburua. Eta ahaztu aldaketa sistemikoetaz. Geroz eta garbiago daukat, mini-ikastolak sortu behar direla ikastolen barruan eta mini horien arteko elkarrekintza, hartu-emana eta alderaketatik, hurbileko zirkuluetan hedatuko diren berrikuntza txikiak zabaldu beharko litezke. Ingurukoengan eraginez etorriko dira aldaketak, etortzen badira.

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Gasteizera joan nintzenean halako kezka bat edo izan nuen, ia ezkorregi izango ote nintzen! Zure aldean, Jokin, inola ere ez!

      Bromak aparte, neu ere iritzi horretakoa naiz: gaur egun gauza pilo bat egiten ari dira halako berritasun kutsu bat dutenak baina benetan betiko irakaskuntza moldera mugatzen direnak. Hala ere, neuk uste dut positiboak izateko ahalegina egin behar dugula, eta gaizki edo iruditzen zaiguna esan arren, aurrera begirakoak ere proposatu eta bultzatu behar ditugula.

      Badakit hainbat urtez horrelakoetan aritu garela asko eta horrek norainoko nekea sortzen duen, baina hala ere eutsi egin behar diogu!
      DatorkigunagoenareHorretarako, analisi

      Eliminar
  2. Orokorrean ados banago ere, inpresioa dut sarea eta berrikuntza autentikoak elementu kontrajarritzat hartzen dituela jolausek. Sarean ia guztia faltsua eta marketing-a da eta autentikoa eta baliagarria errealitate fisikoan gertatzen da. Ez al dago, ordea, bi horiek eskontzerik? Ezin al ditugu ekarri "emaitza esanguratsu eta desberdinak ekartzen dituzten berrikuntzak" sarera?
    Sareak bluff ugari sortzeko bitartekoa da baina baita ere benetako hainbat aldaketa erakusteko eta zabaltzeko modua. Hori ere baliatu behar da, nire ustez. Jolasusek proposatzen dituen Mini-ikastola horiek elkarrekintza, hartu-eman eta alderaketarako sarea erabili behar dute eta hurbileko zirkuluak ez dute derrigor fisikoki hurbil dauden zirkuluak izan behar. Sareak sortzen duen hurbiltasuna ere erabili egin behar da. Aldaketak etorriko dira, jakina. Etorri dira dagoeneko (ez agian nahi genituenak) eta etorriko dira. Nolakoak etortzen diren geuk erabakiko dugu, gure ahalmen eta aukeren arabera baina ez dezagun horretarako bitartekorik baztertu!

    ResponderEliminar
  3. @Abel bigarren paragrafoan zenionarekin ados nago. Berrikuntza horiek forman bakarrik antzematen dira; funtsean, eredu zaharrak ordezkatzen dituzte. Ezagutzen ditudan MOOC gehienek, edukietan oinarritutako eredu akademizista ordezkatu besterik ez dute egiten. Siemens, Downes eta Couros-en Mooc eredua da bakarra ikusten dudana berritzailea baina hain da konplexua aurrera eramatea, egun ikaskuntza eredu teoriko bat bezala kontsideratuko nukeela nik. Eta hori da kontu nagusia: gehienak eredu klasikoak errepikatzen dituzte edo asko eta asko aplikagarritasun eskaseko ereduak direla (egunen batean idatziko dut ikaslearen PLEaren eta uneko proiektu jakin batean egon daitezkeen ezagutza bneharren artean gertatzen den konfliktoaz ere)

    @Pedro nik uste dut badirela sarea eta teknologia digitalaren inguruan sortutako berrikuntzak, irakaskuntzaren esparruan baliagarriak izan daitezkeenak. Horixe da, hain zuzen ere, azkeneko paragrafoan esaten dudana. Menu zabal horretan dauden aukera desberdinen artean, benetan autentikoak, baliagarriak, aldaketa eragiten dutenak eta benetan emaitza esanguratsu eta desberdinak ekartzen dituztenekin jotzea. Nire kasuan adibidez, eredu gauzagarriak bilatzen ditu, teorizazio konplexuegiko ereduek atzera botatzen naute. Aldaketa eragingo duten urrats sinpleak behar ditut. Berrikuntzak aplikagarriak izatea nahi ditut eta, batez ere, emaitza desberdinak lortzeko balio dutela egiaztatzeko beharra sentitzen dut. Niri oso xamurra egiten zait, adibidez, TPACK eredua baina baliteke hainbat irakasleentzat konplexua izatea (teknologiaren aplikazioa erabaki behar duenean, adibidez). Eredu arina egiten zait gelako jarduna beste modu batean antolatzeko, kontutan hartzen ditu niretzat ezinbestekoak diren alderdi guztiak eta, nire pertsonan egiaztatzen ari naiz, emaitza desberdinak lor daitezkeela. Teknologiak eta sareak rol garrantzitsua hartzen du eredu horretan, baina ez beti nagusiena. Hainbat momentuetan Pujolas-en inklusibitatearen planteamenduak, adibidez, teknologiaren gainetik agertzen dira, segun eta lortu nahi diren helburuak zeintzuk diren.

    En fin, beti bezala, txapa luzea nirea ;-)

    ResponderEliminar
  4. "Si de verdad te interesa la innovación educativa, procura distinguir entre lo que es sexo y lo que es pornografía. Y arriésgate, practicando sexo."

    Horixe da oraintxe bertan irakurri dudan Boris Mir-en artikulu interegarri honen amaieran irakurri daitekeena.

    http://blog.lamiradapedagogica.net/2013/03/innovacion-educativa-pornografia-y-sexo.html

    Artikulua irakurtzea gomendatzen dizuet. Hogei lerrotan nik berrehunetan idatiz dudana laburbiltzen du. Oso interesgarria ikaskuntzarekin lotutako teknologia eta berrikuntza teknologikoarekin (eta bertako protagonista eta guruekin) gertatzen ari dena ulertzeko.

    ResponderEliminar