2009-11-19

Mahara eta sare sozialak


Mahara e-portoflioa dela esan dugu. Zein dira, baina, portfolio digitalen ezaugarriak eta abantailak?

Dagoeneko aipatu dugu e-portfolioen abantaila nagusietako bat. Erabilera asko errazten du: kudeaketa azkarra; elementuak ezartzeko nahiz kentzeko erraztasuna; formatu askotako fitxategiak erabili ahal izatea, RSS jarioak baliatzea...

Horrez gain, Maharak ohiko e-portfolioari gaur egun ezinbestekoak bihurtu diren sare sozialen arloa ere gehitzen dio. Gu nor eta zer garen adierazteaz gain, non, zertan eta norekin zer garen adierazteko erabiltzen dugu.

Izan ere, web 2.0ren ezaugarrietako bat ezagutza-sareak dira. Facebook, Twiter, LinkedIn… bezalako aplikazioek gero eta indar handiagoa hartu dute eta informazioa eman eta hartzeko ez ezik beste funtzio bat ere badute gaur egun. Sare sozialak loturak ezartzen ditu sarea erabiltzen dutenen artean eta sare horiei esker ezagutza eta harremana sortzen dira.

Sare horietan pertsona batek duen kokapenak asko adierazten du pertsona horri buruz. Erakutsi egiten du norekin dagoen harremanetan, zer-nolako harreman-motak sortzeko gaitasuna duen eta nola ikusten duten besteek. Horrek ere ematen du halako estatus moduko bat eta gaur egun argi ikus daiteke hori erabilitako edozein softwarek eskaintzen baitu lagunak (facebook), followers (twiter), kontaktuak (linkedin)… bezalako tresneria, norekin zauden harremanetan jakiteko.

Sare sozial horien beste emaitza bat ikaskuntza da. Gainontzekoekin harremanetan ikasten du gizakiak eta gainontzekoekiko harremanetatik. Sare hauek ikaskuntza-eremu bihurtzen dira eta zenbat eta aberatsagoa eta ugariagoa izan eremua, orduan eta ikaskuntza-prozesu aberatsagoak eta emankorragoak sortuko ditugu.

Ildo horretan, Mahara-k ere baditu Nire taldeak eta Nire lagunak izeneko baliabideak; baita erabiltzaileak bilatzeko tresnak eta horiekin harremanetan jartzeko bitartekoak ere. Taldeetan Mahara-ko zein taldetako partaide garen ikusiko dugu eta, aldi berean, taldeak sortzeko aukera izango dugu. Taldea sortuta, gonbidatu egin dezakegu jendea taldekide izatera.

Gauza bera gertatzen da Lagunak izeneko atalean. Hor Mahara-n ditugun lagunen zerrenda agertuko da eta aipatutako softwareetan bezalaxe, lagun eskariak egin daitezke, eskariak onartu, lagunak bilatu…

Honen guztiaren helburua, aipatu dugunez, bikoitza da: batetik interneten zein sare sozialetakoa zaren erakustea eta bestetik ikasteko asmoz sare hori aberastu ahal izatea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario