2009-11-05

Mahara: portfolio digitalak sortzeko tresna

Mahara portfolio digitalak sortu eta kudeatzeko kode irekiko sistema da eta sare sozialen planteamendua bereganatuta du.

Hainbat lanbidetan erabiltzen diren book-en antzeko balibideak dira portfolioak. Norberaren book-ean jasotzen dira geure lana, geure ezagutza, geure ibilibidea... deskribatu eta erakutsiko dituzten erakusleak. Lanbidearen arabera, erakusleak ezberdinak izan daitezke, jakina.

Adibideak ipintzea ez da zaila: argazkilari batek bere ustez egin dituen argazkirik onenak jasoko ditu, baita nonbait saria jaso dutenak ere... Modelo batek, berriz, egin dizkioten argazki ederrenak, egin dituen kanpainak...


Erakusle horiek, bestalde, era askotakoak izan daitezke kasuaren arabera: irudiak, testuak, ziurtagiriak, ikasketa-agiriak, sariak... Helburua, ordea, bat da kasu guztietan: book edo gure kasuan portfolioaren jabearen irudi bat eskaintzea, jasotzen duenak begirada batean jakin dezan nor duen aurrean. Zentzu horretan erakustokia dela ere esan dezakegu eta norberak aukeratzen du zer erakutsi nahi duen.
Bestelako erabilera eman ohi diote hezkuntza-erakundeek. Horrelakoetan, ikas-prozesua bultzatzeko funtzioa gaineratzen zaio portfolioari. Beste batean arituko gara alderdi garrantzitsu honetaz.

Portfolio digitalak abantaila izugarriak ditu garai bateko paperezko portfolioen aldean. Gainontzeko arloetan gertatu den bezala, digitalizazioak asko erraztu du portfolioaren osaketa, kudeaketa eta baita erabilera ere. Errazagoa da bertan nahi ditugun datuak eranstea eta batetik besterako zabalkundea ere izugarri hobetu da.


Mahara-ren kasuan, beste edozein e-portfolioren kasuan bezalaxe, geure buruaren berri emateko tresna batez ari gara, baliabide asko eta erabilera asko eskaintzen dituena. Erabiltzaile bakoitzak erabaki beharko du zein baliabide erabiliko dituen eta zein erabilera emango dion. 



Mahara-k honako bitarteko nagusi hauek eskaintzen ditu norberaren profilean:

  • Norberaren profila: bistak, lagunak, taldeak, horma
  • Curriculum Vitaea: gonbidapen gutuna, interesak, kontakturako informazioa, informazio pertsonala, lan-ibilbidea, ikasketa-ibilbidea, ziurtagiriak, benetakotze-agiriak, sariak, liburu eta argitalpenak, partaidetza profesionalak
  • Helburuak: pertsonalak, akademikoak, karrera-helburuak
  • Trebetasunak:pertsonalak, akademikoak, lan-trebetasunak
Portfolioaz ari garenean oso garrantzizkoa da kontuan izatea ezaugarriak eta erabilera(k) norberak erabakitzen dituela. Paperezko portfolioak ez bezala, e-portoflioak aukera ematen du norberaren profilaren orriaren diseinua erabaki eta eskaintzen dituen elementuen artean bakoitzari interesatzen zaizkionak aukeratzeko. Hona hemen aukeran ditugun guztiak:


  • Blog oso bat erakutsi
  • Blog-sarrera bat erakutsi
  • Azken 10 blog-sarrera erakutsi
  • Curriculum vitae osoa erakutsi
  • Curriculum vitaearentzako eremu bat erakutsi
  • Kanpoko RSS jarioak
  • Kanpoko bideo bat txertatu
  • Deskargatzeko fitxategien karpeta
  • Fitxategien eremuko karpeta bat
  • HTML fitxategia
  • Irudia
  • Media fitxategia enbotatuta.
Portfolioa bera ere geuk diseinatuko dugu. Horretarako Mahara-k Bista izeneko elementua erabiltzen du. Nahi beste sor dezakegu eta bakoitza nahi dugun eran diseinatu. Gainera nork izango duen zeinetarako sarbidea ere geuk aukeratzen dugu.
Informazio gehiago izateko:

1 comentario: