2010-06-24

Moodle plataforma kudeatzen izeneko ikastaroa denon esku

2009-2010 ikasturteko azken hiruhilekoan Moodle plataforma kudeatzen izeneko ikastaroa eman dugu, 2010eko apirilaren 26tik maiatzaren 25era, hain zuzen ere. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren GARATU prestakuntza-planaren barruan antolatuta, 18 irakaslek hartu dute parte. Ikastaroaren iraupena 20 ordukoa izan da.

Gaurtik aurrera ikastaro hau denon esku izango da, ikasi eta irakasteko esperientzia hau partekatu eta baten batek egokia iritziz gero, berrerabil dezan.

Ikastaroaren planteamendua eta diseinua


Ikastaroa on-line eman badugu ere, presentziazko bi saio izan ditu. Lehenengoaren helburua ikastaroa ezagutarazi eta partaideek elkar ezagutzea izan da: bertan aztertu dira helburuak, erabili beharreko baliabideak eta garatuko zen metodologia. Bigarren saioan, ikastaroaren bukaeran egindakoa, bai ikasleek bai irakasleek ikastaroaren ebaluazio kualitatibo eta kuantitatiboa egin dute.

Ikastaroaren helburuak

Bi helburu-mota izan ditugu ikastaro honetan: a) epe laburrera begirakoak, eta b) epe ertain-luzera begirakoak.

Epe laburrerako helburu gisa, Moodle instalazio baten oinarrizko kudeaketa-lanak egiteko gaitasuna lortzea ezarri dugu: plataformaren kudeaketa-baliabideak ezagutzea, baliabide horiek aztertu eta erabiltzen trebatzea, eskaintzen dituzten aukeren ondorioez jabetzea eta norberaren neurrirako erabakiak hartu ahal izatea.

Epe luzera begira, berriz, ikastaroa bukatu ondoren ikasleek Moodle instalazio bat kudeatzeko gaitasuna nork bere kasa garatu ahal izateko prestakuntza ematea izan da gure helburua. Horretarako, autoebaluazioa egiteko erabili dugun gaitasunen zerrendari esker ikas-prozesua irudikatzeko eta hemendik aurrera planifikatzeko nahiz ebaluatzeko materiala eskainiko diegu ikasleei.

Ikastaroaren antolamendua: saioak

Ikastaroak lau saio izan ditu eta horietako bakoitzean Moodle-ren kudeaketarekin lotutako gaiak landu ditugu:
  • Lehen saioa: rolak, baimenak, autentifikazioa eta erabiltzaileak
  • Bigarren saioa: ikastaroak, kalifikazioak eta moduluak
  • Hirugarren saioa: hizkuntza, itxura eta hasiera-orria
  • Laugarren saioa: segurtasuna, zerbitzaria eta txostenak
Ikastaroaren diseinu didaktikoa

Hona hemen ikastaroan zehar saioz saio errepikatu den egitura didaktikoa:
  • Autoebaluazioa
  • Lanketa
  • Praktika
  • Hausnarketa
  • Autoebaluazioa
Autoebaluazioa

Moodle-ren kudeatzaile batek lortu beharreko gaitasunak kudeatzailea rolaren baimenetan oinarrituta definitu dira eta can do edo gai naiz moldera ekarri genituen. Autoebaluazio-aldietan ikasleak ondorengoak lortzea nahi genuen:
  1. Lortu beharreko gaitasun guztien berri izatea
  2. Edozein unetan irizpide ezagun eta ulergarrien bidez bere aurrerapena ebaluatu ahal izatea
  3. Ikastaroa bukatuta, ikas-prozesuarekin aurrera egiteko bitartekoak eskuratzea.
Sei aldiz egingo da autoebaluazioa gutxienez ikastaroan zehar: ikastaro hasiera, bukaeran eta saio bakoitzean.

Moodle-ko inkesta (Feedback) izeneko modulua erabili dugu honetarako.

Lanketa

Egitura didaktikoaren bigarren aldi honetan saio bakoitzari dagozkion gaitasunen inguruko informazio argi, labur eta ulergarria eskaintzen zaio ikasleari, eta tarteka informazio horiei buruzko galderak planteatu ditugu ulermena ziurtatze aldera.

Moodle-ko ikasgaia modulua erabili dugu honetarako.

Praktika

Ikastaroaren ezaugarriak eta helburuak kontuan hartuta, ezinbesteko dute ikasleek lortu beharreko gaitasunak praktikan ipintzea. Ikastaroaren helburua ez da hainbat ezagutza teoriko eskuratzea, gaitasun-maila jakin batera iristeko ikas-prozesua garatzea baizik Horretarako, ikastaroan zehar ikasleek berek kudeatzeko beste Moodle instalazio bat izan dute eta bertan egin dituzte 21 jardueraz osatutako lau praktika-saioak. Praktiketako jarduerak definitzeko bi oinarri erabili dira: autoebaluaziorako formularioan ezarritako gaitasunak eta hausnarketarako erabili den galdera-multzoa.

Praktika egiteko beste Moodle instalazio bat egin dugu.

Hausnarketa

Praktikak burutu ondoren hausnarketa egiteko unea proposatu dugu. Praktiketarako erabilitako jarduerak oinarri hartuta, ikasleak Moodle-ren instalazioaren ezaugarriekin lotutako hainbat erabaki hartzera bultzatu ditugu, landutako gaien inguruko galderak proposatuta. Ikasle guztiek aztertu behar zituzten gainontzekoen lana norberarena bukatu ondoren edo bitartean. Helburua erabaki kontzienteak hartzea zen hiru oinarri erabilita: landutakoa, praktikatutakoa eta gainontzekoen ekarriak.

Moodle-ko wikia modulua erabili dugu honetarako.

Autoebaluzioa

Egitura ziklikoaren amaiaera iritsita, berriz ere autoebaluazio-inkesta erabili behar izan dute ikasleek zikloaren hasierako aldian burututako lana berrikusteko.

Erabilitako ebaluazio-irizpideak

Irakasleok ikastaroaren ebaluazioa egiteko sei atal erabili ditugu:
  • Partaidetza: ikastaroan zehar Jardueren foroan egindako ekarpenak baloratu ditugu atal honetan, 0tik 1era bitartean puntuatuz.
  • Lau saioak: saio bakoitzean egindako lanek bere balorazioa izan dute (ikasgaiak 0-100, adibidez) eta saio bakoitza 0tik 1,5era dago puntuatuta.
  • Praktikak: saioz saio egindako praktiketarako 21 jarduerak baloratu ditugu eta 0tik 3ra puntuatu dugu atal hau.
Ikastaroaren bukaerako puntuazioa 6 atal horietan lortutakoen batuketa izango da, 0tik 10era.

Parametro horien arabera antolatu dugu ikastaroaren kalifikazio-liburua. Saio bakoitzak, partaidetzak eta praktikek kalifikazio-kategoria bana osatzen dute eta kategoria bakoitzak pisu ezberdina du ikastaro osoaren ebaluazioan. Partaidetzak azken kalifikazioaren % 10 ekarri du, saio bakoitzak % 15 eta praktikek % 30.

Ikastaroaren ebaluazioa

Ikastaroaren balorazioa egiteko orduan, oso garrantzizkoa izan da ikastaroaren izaera bera. Moodle-ren kudeaketari buruzko 20 orduko ikastaroa antolatzeak derrigorrezko egiten zuen hartzaileek aldez aurretiko gutxieneko ezagutza izatea. Hori dela-eta eskaintza Moodle instalazioen kudeaketan ari zirenei luzatu zitzaien. Izena emandakoen artean, hala ere, irakasle lanetan trebatutako partaideak izan dira eta horrek zaildu egin du helburuen lorpena.

Gure harridurarako, ordea, ikasleek oso emaitza onak lortu dituzte. Aipatu behar da 20 orduko lana aurreikusita bagenuen ere, ikasleek askoz ordu gehiago egin dituztela eta horiei eta ikastaroan zehar egindako moldaketei esker ikastaroaren helburu nagusietara heltzea lortu dugula.

1 comentario:

  1. Zorionak egindako lanagatik eta eskerrik asko guztiokin konpartitzeagatik

    ResponderEliminar