2011-02-14

Moodle 2.0ren osaketa-funtzioa: kasu praktikoa

Aurreko artikuluan Moodle-ren 2.0 bertsioko osaketa funtzioaren deskribapena egin genuen. Funtzio berri hau erabilita, ikastaroa bera edo ikastaroko edozein jarduera eman daiteke osatutzat bai eskuz bai automatikoki, horretarako aldez aurretik ezarritako baldintzak betetzen badira. Gainera, eskuzko kasuan irakasleak zein ikasleak eman dezake osatutzat jarduera edota ikastaroa. Funtzio honekin batera erabili beharko dugu zenbaitetan Mugatu eskuragarritasuna funtzioa. Osagarriak dira biak ibilbideak sortzeko orduan.

Ikus dezagun, ordea, praktikan nola gertatzen den prozesu hori.

UNITATE DIDAKTIKOA SORTU

Unitate didaktiko bat hartuko dugu adibide. Unitate horrek ondorengo osagaiak izango ditu:
  • Unitatearen deskribapena orri batean.
  • Aldez aurretiko ezagutzak neurtzeko galdetegi bat.
  • Edukiak azaltzeko ikasgai bat.
  • Informazioa eskuratzeko bi web-gunetarako estekak.
  • Jasotako informazioarekin egin beharreko idatzizko lana, zeregin batean.
  • Unitatearen ebaluaziorako galdetegi bat.
Osaketa funtzioak ikasleak unitate honetan egin beharreko ibilbidea definitzen lagunduko digu. Guk diseinatutako ibilbideak ondorengo ezaugarriak ditu:
  1. Ikasleak lehenik eta behin unitatearen deskribapena irakurri behar du. Horren bidez ziurtatu nahi dugu ikasleak unitatearen nondik norakoen berri izango duela eta egin beharreko lanez jabetuko dela. Helburua da ikasleak zeri egiten dion aurre jakitea Ezin izango ditu, beraz, beste jarduerak ikusi deskribapen-orria ikusi arte.
  2. Ondoren, aldez aurretiko ezagutzak aktibatzea nahi dugu eta horretarako galdetegi bati erantzun beharko dio ikasleak. Galdetegiari erantzun egin beharko dio baina ez denez ezagutzak ebaluatzekoa ez diogu erreparatuko lortzen duen emaitzari.
  3. Hirugarren pausua edukiak azaltzea izango da. Horretarako ikasgai bat erabiliko dugu eta emandako informazioa jaso duela. Bertako edukiak bereganatu dituela ziurtatu nahi dugu. Ikasgaia osatu ahal izateko gutxienez 6ko puntuazioa lortu beharko du ikasgaiak guztira dituen 10etatik.
  4. Laugarren pausua bikoitza da. Kontsultatu beharreko bi web-gune aztertu ondoren, horietan lortutako informazioarekin lan bat egin beharko du ikasleak. Derrigorrezkoa izango du bi web-guneak bisitatzea horien inguruko idatzizko lana egin ahal izateko.
  5. Bukatzeko, unitatearen ebaluazioa burutuko dugu galdetegi baten bidez. Galdetegia osatutzat emateko gutxienez 7ko puntuazioa lortu beharko du 10etik.
  6. Unitatea osatutzat emateko jarduera guztiak burutu beharko ditu ikasleak.
Alderdi didaktikoan definitu duguna alderdi praktikora itzuli beharko dugu, gure Moodle ikastaroak nahi dugun eta definitu dugun bezala funtziona dezan.

GUNEAN OSAKETA-FUNTZIOA GAITU

Gunearen ezarpenetan gaitu egin beharko ditu beste ezer baino lehen kudeatzaileak bi ezarpen: Osaketaren jarraipena gaitu eta Baldintzatutako eskuragarritasuna gaitu, biak baitaude berez gaitu gabe.

IKASTAROAN OSAKETA-FUNTZIOA GAITU

Jarduerekin hasi baino lehen, ikastaroan aktibatu egin beharko dugu osaketa-funtzioa.

Ikastaroan, Ezarpenak blokeko Ikastaroaren kudeaketa aukeratu beharko dugu eta bertan Ezarpenak editatu. Ezarpen horietan Ikaslearen aurrerapena atalean Osaketaren jarraipena ezarpenean Gaituta, osaketa eta jardueraren ezarpenetatik kontrolatuta aukeratuko dugu.

Hori egindakoan eta aldaketak gordetakoan, Osaketaren jarraipena esteka agertuko zaigu Ezarpenak blokeko Ikastaroaren kudeaketa atalean. Ondorengo ezarpenak egin beharko ditugu atal horretan:

  • Irizpide orokorra: elementu-kopurua: Guztiak ezarri
  • Norberak eskuz osatu: gaitu ezarri
  • Osatutako jarduerak: guztiak ezarri eta ondoren banan-banan markatu laukitxoak.
  • Bukatzeko gorde aldaketak.
Honekin prest izango ditugu ikastaroari dagozkion osaketa-ezarpenak eta jardueren ezarpenekin has gaitezke. Banan-banan ikusiko ditugu laburtuta.

JARDUERETAN OSAKETA-FUNTZIOA GAITU

Unitatearen deskribapena 
  • Ikasleak ezin izango du eskuz markatu osatutzat, hala irizten dionean. Horretarako ipintzen diogun baldintza orria ikustea da. Honek ez du ziurtatzen, jakina, orria irakurri duenik eta are gutxiago ulertu duenik.

    Aldez aurretiko ezagutzak neurtzeko galdetegia
    • Ikasleak aldez aurretik unitatearen deskribapen-orria ikusi beharko du. Bestalde, ezin izango du jarduera hau eskuz osatutzat eman; automatikoki emango da osatutzat ikasleak kalifikazioa lortzen duenean.
    Edukiak azaltzeko ikasgaia
    • Ikasleak aldez aurretik unitatearen deskribapen-orria ikusi beharko du eta galdetegiari erantzun. Bestalde, ezin izango du jarduera hau eskuz osatutzat eman; automatikoki emango da osatutzat ikasleak kalifikazioa lortzen duenean.
    Informazioa eskuratzeko bi web-gunetarako estekak
    • Ikasleak aldez aurretik unitatearen deskribapen-orria ikusi, galdetegiari erantzun eta ikasgaia egin beharko du. Bestalde, ezin izango ditu jarduera hauek eskuz osatutzat eman; automatikoki emango dira osatutzat ikasleak orriak ikusten dituenean. Jakina, pausu hau bi esteketan eman behar da.
    Jasotako informazioarekin egin beharreko idatzizko lana, zeregin batean
    • Ikasleak aldez aurretik unitatearen deskribapen-orria, galdetegiari erantzun, ikasgaia egin eta informazioa eskuratzeko bi web-guneetarako estekak ikusi beharko ditu. Bestalde, ezin izango du jarduera hau eskuz osatutzat eman; automatikoki emango da osatutzat ikasleak kalifikazioa lortzen duenean.
    Unitatearen ebaluaziorako galdetegia
    • Ikasleak aldez aurretik unitatearen jarduera guztiak osatu behar izango ditu. Bestalde, ezin izango du jarduera hau eskuz osatutzat eman; automatikoki emango da osatutzat ikasleak kalifikazioa lortzen duenean
    OSAKETA-FUNTZIOAREN ABANTAILAK

    Osaketa funtzioa oso tresna eraginkorra izan daiteke aldez aurretik zehaztutako ikas-ibilbide estandarrak diseinatzeko. Emandako adibidean argi ikusi denez, ez du aparteko zailtasunik baina aldez aurretiko lana eskatzen du. Gainera, oso ondo zehaztu behar dira lortu nahi dugun horretara iiristeko ezarpen guztiak. Osaketa-funtzioak bere egiteko propioa badu ere, gehienetan agertuko zaigu Baldintzatutako jarduerak izeneko funtzioarekin batera. Izan ere, bien erabilerak eramango gaitu aipatutako ikas-ibilbideak sortzera.

    Bestalde, ikaslearentzat ere onuragarri da funtzio hau. Batetik, ikastaro batean sartu orduko jakin dezake zeintzuk jarduera osatuta dituen dagoeneko eta zeintzuk ez. Bestetik, hasieratik izan dezake egin beharrekoaren ikuspegi orokorra eta on-line irakaskuntzan hainbestetan aipatu diren zalantza eta galduta egote sentsazioak ekin daitezke.

    1 comentario:

    1. Eskerrik asko informazioagatik; aurrekoa bezain argia eta zehatza!

      ResponderEliminar