2011-07-01

Bideo-hitzaldiak euskaraz: Bigbluebutton


Pedro Lonbide eta biok euskaratu berri dugu bideo-hitzaldiak egiteko BigBlueButton  web-aplikazio librea. GNU lizentziapean banatzen da eta gehienbat e-learning testuinguruetan erabiltzen ari da.

Honako hauek dira funtzionalitate baliabide honek eskaintzen dituen nagusiak:
  • VoIP integratua: IP (VoIP) bidezko ahotsa ahalbidetzen du. Erabiltzaileak bozgoragailuak eta mikrofonoak bakarrik behar ditu parte hartzeko.
  • Webcam-a: erabiltzaileek webcam-a parteka dezakete.
  • Txat-gela: zenbait hizkuntzatarako aldi bereko itzulpena eskaintzen du txatak (momentuz euskara ez dago horien artean).
  • Mahaigaina partekatzea: aurkezleak bere ordenagailuko mahaigaina parteka dezake.
  •  Dokumentuak partekatzea: aurkezleak hainbat formatutako fitxategiak erakuts ditzake hizketan ari den bitartean, hala nola, PDFak, aurkezpenak, kalkulu-orriak, testu-dokumentuak...
  • Erabiltzaileek hitza eskatu ahal diote aurkezleari, beste erabiltzaile batzuk mututu eta euren artean txatean aritu publiko edo pribatuan.
Hiru erabiltzaile-profil ditu:
  • Aurkezlea: hitzaldia emango du eta bertan aukezpenak eta mahaigaina parteka ditzake
  • Ikuslea: hitzaldia ikusiko du baina baimena du bakarrik ikusteko eta txateatzeko. Horrez gain, hitz egin dezake baimena ematen bazaio.
  • Moderatzailea: aurkezpenak igo ditzake, mahaigaina partekatu eta erabiltzaileak onartu edo baztertu.
Interfazea garbia da. Horrez gain, kodea eta APIa eskura daude eta edozein zerbitzaritan egin daiteke instalazioa.

Euskarazko fitxategia oraindik ez dago aplikazioaren banaketa-paketearen barruan baina hemen eskura daiteke.

BigBlueButton beste hainbat aplikaziorekin integra daiteke. Dagoeneko, Moddle, WordPress edo Drupal-ekin dago integratzeko modua. Hemendik gutxira amaituko dugu Moodle-rekin integratzeko moduluaren euskarazko itzulpena.

1 comentario: