Zer gertatzen da, baina, lagun arteko giroan ez, baizik sektore oso baten ardura duen erakunde publiko batek egiten duenean? Adjektiboak asko datozkit burura, baina ondo pentsatuta, gauza bat esan eta kontrakoa egitea, neuri, behitzat, tristea iruditzen zait.
Santurtziko Udal Euskaltegiak 2011-1012 ikasturteari begira gure ikasleei ikastaro konbinatuak eskaitzeko egitasmoa aurkeztu zion HABEko zuzendari nagusuari. Egitasmo horrek HABEko zuzendari nagusiaren 2005eko uztailaren 27ko ebazpenak zehaztutakoa betetzera dator, hain zuzen laugarren artikuluaren 3. puntuaren b atalean esandakoa.
Ebazpen horretan esaten denez, modulu mistoek taldea eta talde-lana izango dute oinarri, aurrez aurreko jarduera hori eta Informazio eta Komunikaziorako Teknologien bidez bideratutakoa elkarren osagarri izanik. Hori horrela, geure asmoa zen gaur egun teknologiak eskaintzen dizkigun aukeraz baliatuta, ikastaro hauetan b-learning izeneko irakas-moldea inplementatzea.
Izan ere, aspaldi egiaztatu dugu gure ikasleen egoera eta beharrak aldatu egin direla. Eguneroko bizimoduak ikaragarri zailtzen du orain arte ohikoa izan den ikas-eskaintza nagusira hurbiltzea: gero eta hiritar gutxiago dira egunero bi orduz euskaltegira etor daitezkeenak. Ikasleen eskakizuna da modulu hori malgutzea eta beste ikasbide batzuk eskaintzea.
Hala ere, ziur gaude euskaren ikaskuntzak gutxieneko ordu-kopuru bat eskatzen duela eta beraz, ustezko malgutasun horrek ez duela ikas-orduak gutxitzea ekarri behar, baizik eta ikasleei beharrezko diren ikas-orduak eman ahal izateko aukerak zabaltzea.
Gure ustez, ikastaro konbinatuek bi alderdi horiek uztartzeko bidea eman ahal digute. Ikusi gure eskaintzaren ezaugarri nagusiak:
- Astean 10 orduko karga lektiboa dute, honela banatuta: a) ordu biko bi saio presentzial taldean; b) sei orduko lana interneteko gure plataforman irakaslearen gidaritzapean.
- Saio presentzialetan euskararen erabilera eta praktikarekin lotutako alderdiak landuko dira.
- Interneten egin beharreko lana Santurtziko Udal Euskaltegiaren plataforma telematikoan burutuko da.
- Ikastaroak denera 328 ordu izango ditu. Horietatik 132 izango dira aurrez aurrekoak eta gainerako 196 orduak plataforman eman beharrekoak.
- 2011ko urriaren 3an hasiko da eta ekainaren 29an amaituko da.
- Ikastaro hauek 104 urratsetik aurrera eskainiko dira.
- Ikasleei kobratuko zaien matrikula-tasa 357,52 eurokoa.
Zer gertatu da, orduan? HABEk ez dizkigu onartu eta ez onartzeko arrazoiak benetan bitxiak iruditu zaizkigu: birtualitatean emandako orduak nola justifikatzen dira? Nolatan zuritu ahal zaizkio irakasleari ikasleekin aurrez aurre ematen ez dituen orduak?
Arazoa, finean, sinplea da: HABEn erabakiak ez ditu Didaktika atalak hartzen, diruak banatzeko ardura duen atalak baizik. Nola esplikatu horri HABEk orain pare bat urte ikaskuntza konbinatua lantzeko batzorde bat osatu zuela? Non dago batzorde horren lana? Nola esplikatu horri HABEk dagoeneko idatzita eta Batzorde Akademikoan banatutako Curriculun berrirako ebazpen-zirriborroan ere ikaskuntza konbinatua aipatzen duela? Orain ez eta datorren urtean bai?
Enfin! Bizimodu latza geurea! Geuk hor utziko genuen gaia, Gasteizko Legebiltzarreko agerraldi batean aurkeztutako HABEren plan estrategikoaren berri izan ez bagenu. Izan ere, planak planteatzen dituen helburuen artean honako hau irakur dezakegu (ikus Lourdes Azurmendiren bloga): ikaskuntza prozesuetan teknologia berriak ezarri behar dira.
Teknologia berriak? Zein teknologia? Zer berri? Tamalgarria iritzi liezaioke batek baino gehiagok. Niri tristea iruditzen zait, oso tristea.
Nice post thank you Mandi
ResponderEliminar