Mostrando entradas con la etiqueta Moodle Doc-ak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Moodle Doc-ak. Mostrar todas las entradas

2011-01-27

Moodle Doc-ak euskaraz proiektuak 1.000 orri ditu dagoeneko

2006ko urrian hasi ginen Moodle-ren dokumentazio ofiziala euskaratzen eta lau urte luze hauetan egindako lanari esker, lortu berri dugu guneak 1000 dokumentu izatea. Ez da marka makala, batez ere, kontuan hartuta euskarazko dokumentazioa osatuena dela ingelesezkoaren atzetik. Ikus dezagun zertan den dokumentazio ofiziala beste hizkuntza batzuetan:

  • Ingelesez: 2.148 orri
  • Euskaraz: 1.000 (horietatik 123 itzulpena amaitu gabe)
  • Espainieraz: 960 orri (horietatik 101 itzulpena amaitu gabe)
  • Alemanez 955 (horietatik 154 itzulpena amaitu gabe)
  • Frantsesez: 695 (horietatik 43 itzulpena amaitu gabe)
Prozesuan gora-behera handiak izan ditugu. Hasiera batean espainierazko itzulpena hartu genuen oinarri eta horrek hainbat arazo sortu zigun, askotan ez baitzetozen bat ingelesezko jatorrizko bertsioa eta espainierazkoa. Horregatik erabaki genuen ingelesezkoa hartzea oinarri.

Bertsio berriek ere ekarri dute lan-karga areagotzea. Batez ere 2.0 bertsioa izan da horretan astunena. Bertsio honek ekarri dituen berrikuntza handiek ikaragarri handitu dute dokumentazioa batetik, eta dokumentazioan egin beharreko aldaketak bestetik.

Gaur egun euskarazko Moodle Doc-ek oinarrizko baliabidea eskaintzen diote Moodle-ren erabiltzaileari. Ikasle nahiz irakasleek (321 dokumentu) bertan aurkituko dute Moodle-rekin lanean aritzeko nahikoa informazio. Bi atal horiek dira landuenak baina ezin da ahaztu kudeatzaileentzako dokumentazioa ere (170 dokumentu) nahikoa landuta dagoela. 

Itzulpena aurrera doa, beraz. Ikasturtez ikasturte osatzen dugun plangintzan jasotzen ditugu aldi bakoitzeko lehentasunak eta bestelako xehetasunak. 2010-2011 ikasturtean 2.0 bertsioak ekarritako berrikuntzen inguruan arituko gara ahal dugun neurrian eta dagoeneko blogak, iruzkinak eta osaketarekin lotutako hainbat orri sortu eta itzuli ditugu.

Lau urte pasatxo joan zaizkigu eta, agian, lortutako emaitza ez da aberatsegia izango zenbaitentzat. Guretzat, ordea, oso baliagarri izan da eta hori dela-eta aurrera egingo dugu. Badakigu orain arteko bidea nahikoa bakarrik egin dugula eta horrek askotan arazo handiak ekarri dizkigula. Badakigu bidaideak behar ditugula erronka honi behar bezala erantzuteko eta lan handiagoa egiteko. Gonbitea eginda dago eta beharra agerikoa da gero eta erabiltzaile gehiagorentzat. Ekin, beraz eta elkarrekin egingo dugu bidea.

2009-02-13

Moodle Doc-ak: Irakaslearen atala

Moodle-ren dokumentazio ofiziala itzultzeari ekin genionean, lehenbiziko helburua izan zen irakasleei begirako atala atontzea. Artean, Moodle ez zen gaur bezain ezaguna eta, gainera, beste hizkuntzetan plataformaren erabileran trebatzeko dokumentazioa eta esku-liburuak baziren ere, euskaraz apenas genuen materialik. Lan horren emaitza 300 bat artikuluk osatzen dute, eta Moodle-rekin hezkuntza-egitasmoren bat garatu nahi duen irakasleak behar besteko laguntza aurkituko du bertan.

Hala ere, plataformaren garapena oso azkarra izan da eta horregatik antzeman ugu irakaslearen atala berrikusi eta eguneratu beharra. Horretarako, ingelesezko dokumentazioan gehitu edota aldatu diren alderdiak aztertu ditugu eta momentu honetan euskarazko gunean txertatzeko ahalegina egiten ari gara. Denera, 50 bat artikulu moldatzeko asmoa dugu, Moodle-ren azken berrikuntzak jasotze aldera.



2009-02-06

Moodle Doc-ak off-line

Moodle Doc-ak off-line proiektuari esker Moodle-ren dokumentazio ofiziala norberaren ordenagailura oso-osorik deskarga daitezke eta offline erabili. Dokumentazio-paketeak astero eguneratzen dira eta dagoeneko bost hizkuntzatakoak ditugu eskura: ingelesa, espainera, frantsesa, japoniera eta euskara. Proietuaren arduradunak Antonio Vicent eta Eloy Lafuente (stronk7) dira.

Berrikitan euskaratu dugu proiektuaren guneko interzafea. Espero dugu hemendik gutxira martxan izatea

2009-01-03

Moodle Doc-ak

Moodle Doc-ek Moodle-ren dokumentazio ofiziala osatzen dute. Bertan jasotzen da Moodle-ri buruzko informazio nagusia atalez atal. Informazio hori edozein erabiltzailerentzat da: ikasle, irakasle, kudeatzaile... Etengabe osatzen eta zabaltzen ari den dokumentazio honek wikia erabiltzen du tresna gisa eta on-line zein off-line eran eskura daiteke.

2006ko urrian ekin genion proiektuari eta harrez geroztik 800 artikulutik gora itzuli ditugu.

2008-12-28

Moodle euskaraz: hizkuntza handien pare


CAMACHO, A. (2007): Moodle Euskaraz: hizkuntza handien pare
  • MoodleMoot Euskadi 2007 jardunaldietan aurkeztutako komunikazioa
  • Donostian, 2007ko ekainaren 27an eta 28an
  • Antolatzailea:UPV-EHUko IKTen Gerenteordetza
Moodle Euskaraz: hizkuntza handien pare