Otsailaren 14an AEKk Gasteizen bildu gintuen hainbat lagun Euskara ikasi XXI. mendean izeneko jardunaldien programaren barruan. Bertan aukera izan nuen Josu Perales, Ainhoa Ezeiza eta Maite Goñirekin eztabaidan aritzeko, Benito Fiz moderatzaile genuela.
Mahai-inguru formatua izan zuen ekitaldiak eta gai nagusia gaur egun hizkuntzen eta bereziki euskararen ikas-irakaskuntza norantz doan jorratzea izan zen. Horretarako, hainbat azter-puntu planteatu zizkigun Benito Fizek:
- Zein izan dira azken urte hauetan irakaskuntzako aldaketa metodologiko nagusiak?
- Aldaketa edo berrikuntza horiek euskararen irakaskuntzan izan ote dute isla?
- Zeri erreparatu behar genioke bereziki irakasleok gure irakas-moldea gauzatzeko unean?
- Zein gomendio emango genieke euskara XXI. mendean ikasi edo irakatsi behar dutenei?
Egia esan, gai sakonak horren denbora-tarte txikian jorratzeko baina, hala ere, han bildu ginenok saiatu ginen hausnarketa eta gogoeta egiten. Nere aldetik, han esandakoak ekarri nahi izan ditut hona.
Azken bolada honetan zenbait kontzeptu ari gara entzuten etengabe irakaskuntzaren munduan, halako berrikuntza-aro batean gaudela pentsatzera eraman gaitzaketenak: ikasleen konpetentziak areagotu beharra, proiektuetan oinarritutako irakaskuntzaren mesedeak, ikaskuntza ez-formala, PLE edo ikasteko ingurune pertsonalak, ikasgela birtualak, MOOC-ak edo on-line eskaintzen diren ikastaro ireki eta masiboak, sare sozialen eragina ikas-prozesuetan, e-portfolioak...
Ekarpenak eta kontzeptu berriak asko dira, baina kontraesankorra izan badaiteke ere, nik ez dut aldaketa handirik sumatzen gaur egungo irakaskuntzan, ezta hizkuntzak ikasteko dugun ustezko aukera-aniztasun ikaragarrian ere. Baliabideak izugarri handitu dira, multimedia biltegiak ere bai, era guztietako ikas-materialak ditugu eskura, metodoak ere nahi beste...
Baina, salbuespenak salbuespen, azken urte hauetan ikasgela barruko errealitatean ezer gutxi aldatu dela uste dut. Alde batetik, ikaslea oraindik ere agente pasiboa da, zain dagoena irakasleak zer eta noiz irakatsiko. Bestetik, eduki eta ezagutza kontzeptualen inguruan egituratutako irakas-moldea dugu orain ere nagusi.
Horri, jakina, gaineratu behar zaio azken orduko berrikuntza askoren ikuspuntu didaktikoak zeharo zaharkituak direla, kasu askotan teknologiak, nahita ere, ezin mozorrotu ditzakeen planteamendu tradizionalak. Direlako MOOC horietako asko dira (agian ez guztiak) esaten ari naizenaren adibide argia: on-line ikastaroak dira, doakoak eta ezagutza partekatzea helburu dutenak baina goitik eta behera edukietan oinarritu eta egituratzen direnak. Foro bat izaten dute, bai, zalantza eta galde-erantzunetarako. Finean, garai bateko klase magistralen oso antzekoak.
Helduen euskalduntzeaz ari garela, antzeko zerbait gertatzen ari ote den irudipena dut. Gramatika-edukiei tinko helduta gaude, nahiz paradoxikoki ahozkotasunari eta erabilerari garrantzia handia ematen diogun. Atzean geratu zaizkigu ikaslearen autonomia, ikas-estrategiak, hizkuntzaren gaineko ikuspuntu diskurtsiboa... Jo eta ke erabili genituen kontzeptu horiek orain urte batzuk baina neuk behintzat, ez ditut geure eguneroko jardueran txertatuta ikusten. Garai bateko modak izan ziren, antza.
Izan ere, duela 15 bat urte edo, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua (HEOK) euskaltegietan indarrean jarri behar izan genuen garaian, halako berrikuntza-aroa bizi izan genuen euskaltegietan ari ginen guztiok. Zer geratzen da saiakera hartatik? Zertan aldatu ziren benetan gure egokitzapen kurrikularrak? Zer isla izan zuen gure ikasgeletan?
Handik urte batzuetara HABEk berak itzuli zuen Europako Erreferentzia Markoa. Inork esango al lidake zein ote den dokumentu horrek helduen euskalduntzean izan duen garrantzia edo eragina, non topa genezakeen horren aztarnarik? Egia da HABEk berak aspaldi agindu zuela Markoaren egokitzapena eta oraindik ez dugula horren berri izan; baina HABE gorabehera, euskaltegietan egin ote dugu horren egokitzapenik edo horretarako ahaleginik, bederen?
Beti izan naiz aholku-emale eskasa baina badira hiru alderdi ikasgela barruko dinamikan txertatu eta emaitza ona izan dezaketenak.
- Esan bezala, euskara ikasteko materialak, tresnak eta baliabideak ikaragarri ugaritu dira baina gure ikasleek ba ote dakite horiekin zer egin, nola atera probetxua? Ikasgelan prestatzen al ditugu sarean guztion esku dauden materialak modu autonomoan erabil ditzaten? Alderdi benetan garrantzitsua da hau.
- Edozein hizkuntza ikastea prozesu luze eta zaila da. Ikasleak erronka horri aurre egingo badio, ikasten jarraitzeko motibazioa beharko du. Horrelako denbora luzean zehar gertatzen den prozesua arrakastatsua izateko, ikasleak derrigor ikusi behar du ikasten ari dela eta aurrera doala. Horretarako, ikasi bitarteko datuak jasotzea (egindako idazlanak, irakurritako artikuluak edo liburuak, bere ahozko jardunaren grabazioak...) oso eraginkorra izan daiteke, horien gaineko hausnarketa bideratzeko eta denboran zehar zer ikasi den eta zertan hobetu den begi bistan izateko. Azken batean, nork bere ikas-prozesuaren ibilbidea datu errealetan jasotzeak hainbat abantaila izan ditzake. Alde batetik, ikasitakoaren gaineko hausnarketa eta oraindik ere ikasi beharrekoari buruzko planifikazioa bultza daitezke, eta bestetik, aurrera ez goazen sentsazioa dugunean benetako datuak erabiltzea onuragarria izan daiteke. Jakina, portfolioaz ari naiz eta ziur naiz ikaslea sortzera animatzea eta horretarako laguntza ematea oso jardunbide eraginkorra izan daitekeela epe ertain bati begira.
- Gaur egun dena dago sarean esaten dute askok eta egia bada ere, egia handiagoa da gaur egun dena egiten dela sarean. Euskara ikastea euskara erabiltzea da eta euskara erabiltzea euskara ikastea. Sarea euskaraz erabiltzeko aukera dugu gaur egun, alderdi soziala euskaraz garatzekoa. Horra hor, euskara erabiltzeko eta, beraz, ikasteko bitarteko ahaltsuenetakoa.