Mostrando entradas con la etiqueta Santurtziko Udal Euskaltegia. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Santurtziko Udal Euskaltegia. Mostrar todas las entradas

2013-09-16

Ikasturte berria

Hasiera emango diogu laster 2013-2014 ikasturteari eta krisi garaian emango diogu hasiera. Batek baino gehiagok pentsa dezake ez dela une egokiena euskaraz ikasteko edo euskaraz ikasten jarraitzeko eta, hizkuntzak ikastekotan, hobe dela hizkuntza probetxugarri bati ekitea.

Bi ideiok, euskara eta probetxugarria izatea, ez daude askorentzat lotuta. Probetxugarria izatea, errentagarri izatea, ez da erraz neurtzen den zerbait.  Izan ere, zer errentagarritasun du, adibidez, lagunak izatea? Nola neurtzen da, adibidez, pertsona ona izateak dakarren probetxua?

Edozein hizkuntza ikastea da probetxugarria. Ez bakarrik hizkuntza horretan jakiteak eta aritzeak ematen dituen aukerengatik; ikastea bera ere probetxugarria da. Askotan azken emaitza azpimarratzen dugu, ikastea bukatzen denean lortuko dugun horri ematen diogu garrantzia; baina, ez da albo batera uztekoa ikasteak berak dakarren probetxua. Eta uste dut, ez diogula nahikoa balio ematen.

Erabilera ari gara azken urteetan azpimarratzen baina ahaztu egiten zaigu ikastea ere erabiltzea dela. Hala adierazten du, besteak beste, Europako Erreferentzia Markoak, “Hizkuntzaren erabilerak, ikaskuntza ere barne hartzen du, … pertsonen jarduerak hartzen ditu bere baitan.” Eta hala erakusten du euskaltegietako eguneroko errealitateak. Gure ikasleek erabili egiten dute hizkuntza, eta nola erabili gainera! Aztertu, zatitu, batetik eta bestetik begiratu, atzekoz aurrera ipini… benetako erabilera gertatzen da euskaltegian. Eta asmo bakarrarekin, jakina, euskaraz komunikatzeko gai izatea. Pausoka, askotan nahastu eta lotsa sentituz, askotan arazoei aurre eginez, baina beti aurrera eginez.

Askorentzat, eta arrazoi askorengatik, euskaltegia da euskara erabiltzeko gune bakarra. Garbi azaldu beharko genuke euskaltegietara etortzen direnak ez direla etortzen egunen batean erabiltzaile izateko prestatzera. Euskaltegi batera etortzen dena, lehenengo egunetik da erabiltzailea eta erabilera hori areagotzeko aukerak eta bitartekoak eskaintzen dizkiogu eten gabe euskaltegian.

Hor dago euskaltegien zeregin nagusia, askotan isilean geratzen dena, askotan gehiegi baloratzen ez dena eta askotan geuri ere ahaztu egiten zaiguna: askorentzat erabiltzeko lehen gunea gara eta, tamalez, askotan bakarra. Gune horretan geratzen denak markatuko du sarri aurrerantzean nolako erabiltzaileak izango ditugun. Lehen esperientzia horiek utzitako gozoak euskaldun asko sortu ditu; baina gaziak eta mingotsak ere izan dira tarteka. Horretan hobetu behar dugu euskaltegietan: inguru egokiak sortu behar ditugu, erabiltzailea gustura sentitzeko moduko inguruak, erabiltzen jarraitzeko gogoa sortuko dutenak, gero eta erabilera-esparru zabalagoak sortuko dituztenak, gero eta erabiltzaile gehiago inplikatuko dituztenak…

Horretan ari gara aspalditik eta oraindik zer hobetu asko badugu ere, ez dugu uste lan makala egin dugunik. Oraingo ikasturte honetan ere lan hori hartuko dugu gure gain. Askoren laguntzarekin eta arazo askori aurre eginda. Baina, gurera hurbiltzen diren guztiei gure onena eskainiko diegu euskara erabiltzen gustura senti daitezen.

2012-09-13

Agur autoikaskuntza, agur

Santurtziko Udal Euskaltegiak 1998ko irailean jarri zuen martxan gel@irekia izeneko auto-ikaskuntzarako zerbitzua. Ordutik hona bide luzea egin dugu eta aurten, zoritxarrez eta HABEk ezarritako baldintzek eta murriztapenek behartuta, urte horietan guztietan egindako lanari akabera eman beharra izan dugu. Horrela, 2012-2013 ikasturtean ez dugu autoikaskuntzarako ohiko ikastarorik eskainiko.

Garai hartan ohiko irakaskuntza-moldeak zituen mugez jabetuta, ikasleari ahalik eta aukera gehien eskaini behar geniola argi ikusi genuen: taldean eta bakarka, euskaltegira joanda eta urrutitik, irakaslearen laguntzaz zein bere kasa. Eta batez ere, euskaltegiak aldez aurretik ezarritako eskema itxietara mugatu gabe, zerbitzua ikaslearen beharretara moldatzeko ahalegina egin beharra sumatu genuen.

Arrazoi horiek eraman gintuzten bestelako ikas-bide batzuk ikertzera. Lan eta eztabaida askoren ondoren  eskaini eta eman genituen. Ageriko kontua da arrakasta handia izan dutela eta milaka ikasle izan ditugu autoikaskuntza tutorizatuan azken urte hauetan. Saiakera horietan egin  ditugun akatsak asko izan dira, ondo eta egoki egindakoak ere bai, baina batez ere euskararen ikaskuntza bultzatzeko etengabeko hausnarketa-prozesu batean ibili gara, argi-itzalak eta gorabeherak izan dituena baina emaitza onak ere lortu dituena. Horixe da, azken batean, etengabeko berrikuntza-prozesu batez espero izatekoa.

2012-2013 ikasturtearen hasiera gaudela, berriz, agur esan behar diegu urte hauetako lan eta esperientzei.

Hori horrela izateko arrazoi nagusia HABEk autoikaskuntza-moldean ari diren ikasleak diruz laguntzeko prozedura aldatzea izan da. Oraintsu arte zenbat ikasle izan, hainbat irakasle diruz lagundu. Pasa den ikasturtetik aurrera, asistentzia erreala hartu du HABEk irizpidetzat euskaltegiari ikasle horien irakasle-soldatak ordaintzeko. Gure kasuan, 2011-2012 ikasturtean 3 irakasle aritu dira 120 bat ikasle atenditzeko. 120 ikasle horien benetako asistentzia %50ekoa izan denez, 2012-2013 ikasturtean irakasle eta erdi ordainduko digu HABEk, daukagun ikasle-kopurua gorabehera. Horrela, pare bat ikasturtetan akabo!

Hemen ez gara luzatuko asistentzia hori kalkulatzeko HABEk erabili duen irizpide-aniztasunean (ederra litzateke ikasle bakoitzaren kasuan eskola jaso ote duen neurtzeko irizpidea ez aldatzea eta beti bat izatea, lortu nahi den kalkuluaren emaitza edozein dela) baina euskaltegietan ohiko taldeetan horrelaxe jokatuta, akabo euskaltegiak ere! Eta Hizkuntza Eskola Ofizialak, eta  unibertsitate publikoak...

Hala ere, jakin badakigu 1998an autoikaskuntzarako zerbitzua sortzera eraman gintuzten arrazoiak gaur egun ere hor direla. Horregatik, ez dugu etsiko eta, orain arte bezala, aurrera egingo dugu Helduen Euskalduntzeak behar dituen berrikuntzak ahal dugun neurrian bultzatuz.