Mostrando entradas con la etiqueta ikaskuntza konbinatua. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta ikaskuntza konbinatua. Mostrar todas las entradas

2013-01-22

On-line formaziorako plataformen erabileraren azterketa

Irakurri berri dugu Edutec aldizkarian Análisis DAFO de la utilidad de las plataformas de formación online para el entrenamiento en competencias de estudiantes universitarios artikulua. Bertan Raimundo Castaño, Cristina Jenaro eta Noelia Flores-ek Salamancako Universidad Pontificia-n ikasten ari diren 64 lagunen galdetegiak aztertzen dira IKT-en bidezko irakaskuntzaren abantailak, desabantailak, zailtasunak eta aukerak ezagutu nahian.

Lanean ez dira agertzen ikasle horiek IKT-en bidez jasotako formazioaren ezaugarriak eta, beraz, zaila da azterketaren emaitzak beren kontestuan kokatzea. Hala ere, emaitzak deigarriak dira eta lanaren egileek eztabaidarako planteatzen dituzten puntuak, berriz, oso esanguratsuak.

Sorta bati ekin nahi diogu aipatutako artikuluaren inguruan egingo ditugun ekarpen hauekin. Lehen atala izango da hau eta ondoren etorriko dira beste hainbat. Horietan arazoa erakusten saiatuko gara eta baita atal bakoitzari balizko erantzuna ematen bai.

Lanaren emaitzak hiru kategoriatan banatu dira azterketarako: informazioa, ikaskuntza eta elkarreragina eta horietako bakoitzean aztertu dira abantailak, desabantailak, zailtasunak eta aukerak.

Desabantailen atalari dagokionez, emandako erantzunetan argi ikusten da ikasleek elkarreragin birtualerako muga handiak ikusten dituztela eta harrigarria da El profesor no te conoce erantzuna. Birtualitatean (on line ereduetan) sortzen den elkarreragina oso gai korapilatsua da eta aztertzeko era sinpleenetako bat eremu presentzialetan sortzen denarekin alderatzea da.

Ikaskuntza esanguratsuari dagokionez, adierazgarria da oso ikasleek azalpenak ematen dituen figura bat eskatzea eta formazio presentziala osoagotzat hartzea. Baita ikasle eta irakasleen arteko harreman eza ere, gainontzeko ikasleen iritzietatik ikasteko aukera erreibindikatuz. Taldekako lanik ez izatea ere desabaintailetan txertatzen dute eta irakaslearekiko harreman zuzena galtzea ere bai.

Inforrmazioaren trataeraren atalean koherentzia-falta somatzen dute ikasleek gaiak interneten ipintzean.

Zailtasunen artean, berriz, elkarreraginerako bitartekoak aipatzen dira eta hemen ere irakasleekiko harreman zuzena agertzen da zailtasun gisa.

Ondorengo puntuok ekartzen ditu lanak aurrerantzean landu beharreko aztergai gisa.
  • Eztabaidarako atalean, autoreek goraipatu egiten dute on-line formazioan irakasleak izan behar duela prozesuaren kontrola, eta formazioak hurbila, parte hartzailea eta inplikatiboa izan behar duela. 
  • Norberaren ikaskuntza-prozesua kudeatzeko gaitasunak izatea ezinbestekotzat jotzen da lan honetan.
  • On-line formatuan eskaintzen den informazioaren kalitatea ere zalantzan jartzen du, bai irakasleen gaitasun eskasagatik, bai irakaskuntza eta teknologiaren dikotomian azken honen alde egiteagatik.
  • Blended learning-aren erreibindikazioa egiten da argi eta garbi harreman zuzenetarako zailtasuna gainditzeko bide gisa.

CASTAÑO, R.; JENARO, C. &  FLORES, N. (2012). Análisis DAFO de la utilidad de las
plataformas de formación online para el entrenamiento en competencias de estudiantes
universitarios.EDUTEC, Revista Electrónica de Tecnología Educativa, 42. 13/01/11-n jasoa hemen:
http://edutec.rediris.es/Revelec2/Revelec42/analisis_DAFO_utilidad_plataformas_formacio
n_online_competencias.html


2011-09-29

HABEren asmoak vs HABEren errealitateak

Harrigarria da benetan zer-nolako aldea izaten den esaten denetik egiten denera. Bizitzaren arlo guztietan gertatzen da eta denok ezagutzen ditugu gauza bat esan eta jarraian horren kontrakoa egiten dutenak. Niri hori beti iruditu zait ganorarik gabea eta batez ere, amorragarria.

Zer gertatzen da, baina, lagun arteko giroan ez, baizik sektore oso baten ardura duen erakunde publiko batek egiten duenean? Adjektiboak asko datozkit burura, baina ondo pentsatuta, gauza bat esan eta kontrakoa egitea, neuri, behitzat, tristea iruditzen zait.

Santurtziko Udal Euskaltegiak 2011-1012 ikasturteari begira gure ikasleei ikastaro konbinatuak eskaitzeko egitasmoa aurkeztu zion HABEko zuzendari nagusuari. Egitasmo horrek HABEko zuzendari nagusiaren 2005eko uztailaren 27ko ebazpenak zehaztutakoa betetzera dator, hain zuzen laugarren artikuluaren 3. puntuaren b atalean esandakoa.

Ebazpen horretan esaten denez, modulu mistoek taldea eta talde-lana izango dute oinarri, aurrez aurreko jarduera hori eta Informazio eta Komunikaziorako Teknologien bidez bideratutakoa elkarren osagarri izanik. Hori horrela, geure asmoa zen gaur egun teknologiak eskaintzen dizkigun aukeraz baliatuta, ikastaro hauetan b-learning izeneko irakas-moldea inplementatzea.

Izan ere, aspaldi egiaztatu dugu gure ikasleen egoera eta beharrak aldatu egin direla. Eguneroko bizimoduak ikaragarri zailtzen du orain arte ohikoa izan den ikas-eskaintza nagusira hurbiltzea: gero eta hiritar gutxiago dira egunero bi orduz euskaltegira etor daitezkeenak. Ikasleen eskakizuna da modulu hori malgutzea eta beste ikasbide batzuk eskaintzea.

Hala ere, ziur gaude euskaren ikaskuntzak gutxieneko ordu-kopuru bat eskatzen duela eta beraz, ustezko malgutasun horrek ez duela ikas-orduak gutxitzea ekarri behar, baizik eta ikasleei beharrezko diren ikas-orduak eman ahal izateko aukerak zabaltzea.

Gure ustez, ikastaro konbinatuek bi alderdi horiek uztartzeko bidea eman ahal digute. Ikusi gure eskaintzaren ezaugarri nagusiak:
  • Astean 10 orduko karga lektiboa dute, honela banatuta: a) ordu biko bi saio presentzial taldean; b) sei orduko lana interneteko gure plataforman irakaslearen gidaritzapean.
  • Saio presentzialetan euskararen erabilera eta praktikarekin lotutako alderdiak landuko dira.
  • Interneten egin beharreko lana Santurtziko Udal Euskaltegiaren plataforma telematikoan burutuko da.
  • Ikastaroak denera 328 ordu izango ditu. Horietatik 132 izango dira aurrez aurrekoak eta gainerako 196 orduak plataforman eman beharrekoak.
  • 2011ko urriaren 3an hasiko da eta ekainaren 29an amaituko da.
  • Ikastaro hauek 104 urratsetik aurrera eskainiko dira.
  • Ikasleei kobratuko zaien matrikula-tasa 357,52 eurokoa.

Zer gertatu da, orduan? HABEk ez dizkigu onartu eta ez onartzeko arrazoiak benetan bitxiak iruditu zaizkigu: birtualitatean emandako orduak nola justifikatzen dira? Nolatan zuritu ahal zaizkio irakasleari ikasleekin aurrez aurre ematen ez dituen orduak?

Arazoa, finean, sinplea da: HABEn erabakiak ez ditu Didaktika atalak hartzen, diruak banatzeko ardura duen atalak baizik. Nola esplikatu horri HABEk orain pare bat urte ikaskuntza konbinatua lantzeko batzorde bat osatu zuela? Non dago batzorde horren lana? Nola esplikatu horri HABEk dagoeneko idatzita eta Batzorde Akademikoan banatutako Curriculun berrirako ebazpen-zirriborroan ere ikaskuntza konbinatua aipatzen duela? Orain ez eta datorren urtean bai?

Enfin! Bizimodu latza geurea! Geuk hor utziko genuen gaia, Gasteizko Legebiltzarreko agerraldi batean aurkeztutako HABEren plan estrategikoaren berri izan ez bagenu. Izan ere, planak planteatzen dituen helburuen artean honako hau irakur dezakegu (ikus Lourdes Azurmendiren bloga): ikaskuntza prozesuetan teknologia berriak ezarri behar dira.

Teknologia berriak? Zein teknologia? Zer berri? Tamalgarria iritzi liezaioke batek baino gehiagok. Niri tristea iruditzen zait, oso tristea.