Mostrando entradas con la etiqueta e-portfolioak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta e-portfolioak. Mostrar todas las entradas

2012-10-11

Mahara, portfolio digitalak sortzeko tresna


Mahara, portfolio digitalak sortzeko tresna izeneko ikastaroa eman berri dugu HABEk irakasleen prestakuntzarako burutzen duen planaren barruan, Bilbon, 2012ko irailaren 18an eta 19an.

Ikastaro hau Moodle-ren 2.0 bertsioan dago diseinatuta.eta hemendik aurrera denon esku izango da, ikasi eta irakasteko esperientzia hau partekatu eta baten batek egokia iritziz gero, berrerabil dezan.

Irakatsi eta ikasteko prozesuetan eta bereziki hizkuntzen irakaskuntzan garrantzia handia hartu dute ikasleen portfolioek. Horren adibide garbia da Europako Kontseiluak bultzatutako Hizkuntzen Portfolio Europarra.

Portfolio horien bertsio digitalek ere hartu dute beren lekua inguruko hizkuntzen ikasleen artean eta euskara-irakasleek berandu baino lehen heldu beharko diote gai honi.

2006.urtean sortua, Mahara plataforma elkarlanean ari diren New Zealand's Tertiary Education Commission's e-learning Collaborative Development Fund (eCDF) Massey University laguntzarekin, Auckland University of Technology, The Open Polytechnic of New Zealand, Victoria University of Wellington eta Catalyst IT Limited erakundeen emaitza da.

Mahara aldi berean portfolio elektroniko, blog eta gizarte-sarea da, erabiltzaile ugari harremanetan jarri eta online komunitateak sortzeko aukera ematen duena.

Proiektuaren helburua erabiltzailearengan zentratutako bizitza osoko prestakuntzarako ingurunea sortzea da.

Mahara kode irekiko softwarez hornituta dago, GNU Public lizentziarekin. Hainbat hizkuntzatan erabil daiteke eta euskarazko bertsioa ere erabilgarri dago.

Nola eskuratu ikastaroa:

2009-11-19

Mahara eta sare sozialak


Mahara e-portoflioa dela esan dugu. Zein dira, baina, portfolio digitalen ezaugarriak eta abantailak?

Dagoeneko aipatu dugu e-portfolioen abantaila nagusietako bat. Erabilera asko errazten du: kudeaketa azkarra; elementuak ezartzeko nahiz kentzeko erraztasuna; formatu askotako fitxategiak erabili ahal izatea, RSS jarioak baliatzea...

Horrez gain, Maharak ohiko e-portfolioari gaur egun ezinbestekoak bihurtu diren sare sozialen arloa ere gehitzen dio. Gu nor eta zer garen adierazteaz gain, non, zertan eta norekin zer garen adierazteko erabiltzen dugu.

Izan ere, web 2.0ren ezaugarrietako bat ezagutza-sareak dira. Facebook, Twiter, LinkedIn… bezalako aplikazioek gero eta indar handiagoa hartu dute eta informazioa eman eta hartzeko ez ezik beste funtzio bat ere badute gaur egun. Sare sozialak loturak ezartzen ditu sarea erabiltzen dutenen artean eta sare horiei esker ezagutza eta harremana sortzen dira.

Sare horietan pertsona batek duen kokapenak asko adierazten du pertsona horri buruz. Erakutsi egiten du norekin dagoen harremanetan, zer-nolako harreman-motak sortzeko gaitasuna duen eta nola ikusten duten besteek. Horrek ere ematen du halako estatus moduko bat eta gaur egun argi ikus daiteke hori erabilitako edozein softwarek eskaintzen baitu lagunak (facebook), followers (twiter), kontaktuak (linkedin)… bezalako tresneria, norekin zauden harremanetan jakiteko.

Sare sozial horien beste emaitza bat ikaskuntza da. Gainontzekoekin harremanetan ikasten du gizakiak eta gainontzekoekiko harremanetatik. Sare hauek ikaskuntza-eremu bihurtzen dira eta zenbat eta aberatsagoa eta ugariagoa izan eremua, orduan eta ikaskuntza-prozesu aberatsagoak eta emankorragoak sortuko ditugu.

Ildo horretan, Mahara-k ere baditu Nire taldeak eta Nire lagunak izeneko baliabideak; baita erabiltzaileak bilatzeko tresnak eta horiekin harremanetan jartzeko bitartekoak ere. Taldeetan Mahara-ko zein taldetako partaide garen ikusiko dugu eta, aldi berean, taldeak sortzeko aukera izango dugu. Taldea sortuta, gonbidatu egin dezakegu jendea taldekide izatera.

Gauza bera gertatzen da Lagunak izeneko atalean. Hor Mahara-n ditugun lagunen zerrenda agertuko da eta aipatutako softwareetan bezalaxe, lagun eskariak egin daitezke, eskariak onartu, lagunak bilatu…

Honen guztiaren helburua, aipatu dugunez, bikoitza da: batetik interneten zein sare sozialetakoa zaren erakustea eta bestetik ikasteko asmoz sare hori aberastu ahal izatea.

2009-11-05

Mahara: portfolio digitalak sortzeko tresna

Mahara portfolio digitalak sortu eta kudeatzeko kode irekiko sistema da eta sare sozialen planteamendua bereganatuta du.

Hainbat lanbidetan erabiltzen diren book-en antzeko balibideak dira portfolioak. Norberaren book-ean jasotzen dira geure lana, geure ezagutza, geure ibilibidea... deskribatu eta erakutsiko dituzten erakusleak. Lanbidearen arabera, erakusleak ezberdinak izan daitezke, jakina.

Adibideak ipintzea ez da zaila: argazkilari batek bere ustez egin dituen argazkirik onenak jasoko ditu, baita nonbait saria jaso dutenak ere... Modelo batek, berriz, egin dizkioten argazki ederrenak, egin dituen kanpainak...


Erakusle horiek, bestalde, era askotakoak izan daitezke kasuaren arabera: irudiak, testuak, ziurtagiriak, ikasketa-agiriak, sariak... Helburua, ordea, bat da kasu guztietan: book edo gure kasuan portfolioaren jabearen irudi bat eskaintzea, jasotzen duenak begirada batean jakin dezan nor duen aurrean. Zentzu horretan erakustokia dela ere esan dezakegu eta norberak aukeratzen du zer erakutsi nahi duen.
Bestelako erabilera eman ohi diote hezkuntza-erakundeek. Horrelakoetan, ikas-prozesua bultzatzeko funtzioa gaineratzen zaio portfolioari. Beste batean arituko gara alderdi garrantzitsu honetaz.

Portfolio digitalak abantaila izugarriak ditu garai bateko paperezko portfolioen aldean. Gainontzeko arloetan gertatu den bezala, digitalizazioak asko erraztu du portfolioaren osaketa, kudeaketa eta baita erabilera ere. Errazagoa da bertan nahi ditugun datuak eranstea eta batetik besterako zabalkundea ere izugarri hobetu da.


Mahara-ren kasuan, beste edozein e-portfolioren kasuan bezalaxe, geure buruaren berri emateko tresna batez ari gara, baliabide asko eta erabilera asko eskaintzen dituena. Erabiltzaile bakoitzak erabaki beharko du zein baliabide erabiliko dituen eta zein erabilera emango dion. 



Mahara-k honako bitarteko nagusi hauek eskaintzen ditu norberaren profilean:

  • Norberaren profila: bistak, lagunak, taldeak, horma
  • Curriculum Vitaea: gonbidapen gutuna, interesak, kontakturako informazioa, informazio pertsonala, lan-ibilbidea, ikasketa-ibilbidea, ziurtagiriak, benetakotze-agiriak, sariak, liburu eta argitalpenak, partaidetza profesionalak
  • Helburuak: pertsonalak, akademikoak, karrera-helburuak
  • Trebetasunak:pertsonalak, akademikoak, lan-trebetasunak
Portfolioaz ari garenean oso garrantzizkoa da kontuan izatea ezaugarriak eta erabilera(k) norberak erabakitzen dituela. Paperezko portfolioak ez bezala, e-portoflioak aukera ematen du norberaren profilaren orriaren diseinua erabaki eta eskaintzen dituen elementuen artean bakoitzari interesatzen zaizkionak aukeratzeko. Hona hemen aukeran ditugun guztiak:


  • Blog oso bat erakutsi
  • Blog-sarrera bat erakutsi
  • Azken 10 blog-sarrera erakutsi
  • Curriculum vitae osoa erakutsi
  • Curriculum vitaearentzako eremu bat erakutsi
  • Kanpoko RSS jarioak
  • Kanpoko bideo bat txertatu
  • Deskargatzeko fitxategien karpeta
  • Fitxategien eremuko karpeta bat
  • HTML fitxategia
  • Irudia
  • Media fitxategia enbotatuta.
Portfolioa bera ere geuk diseinatuko dugu. Horretarako Mahara-k Bista izeneko elementua erabiltzen du. Nahi beste sor dezakegu eta bakoitza nahi dugun eran diseinatu. Gainera nork izango duen zeinetarako sarbidea ere geuk aukeratzen dugu.
Informazio gehiago izateko: