Mostrando entradas con la etiqueta e-learning. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta e-learning. Mostrar todas las entradas

2014-12-11

Nola dinamizatu komunikazioa Moodle-n

Nola dinamizatu komunikazioa Moodle-n
2014ko azaroan Nola dinamizatu komunikazioa Moodle-n izeneko ikastaroa eman dugu Udako Euskal Unibertsitatearen urtean zeharreko ikastaroen programaren barruan.

Ikastaroa 25 ordukoa izan da. Aurrez aurreko bi saio izan dira (bina ordukoak) eta gainerako 21 orduak on-line izan dira. Ikastaroan zehar inguru birtualetan komunikazio didaktikoak duen rola eta zeregina landu nahi izan ditugu. Komunikazio birtuala aztertzeko Garrison eta Anderson-en eredua erabili dugu eta ikastaroak izaera erabat praktikoa izan du.

Hona hemen ikastaroaren helburuak:

  • Birtualitatean gertatzen den komunikazioaren osagaiak aztertzea
  • Ikasgela birtualetan gertatzen den komunikazioaren ezaugarri nagusiak ezagutzea
  • Komunikazioaren osagaiak aztertzeko adierazleak ezagutzea
  • Parte hartzaileei komunikazio didaktikoa bultzatzeko estrategiak eskaintzea eta praktikan ipintzea

Edukiak:
  • Komunikazioa inguru birtualetan: ezaugarriak, funtzioa eta ondorioak
  • Komunikazioaren osagai kognitiboa, soziala eta didaktikoa
  • Osagaiak definitzeko adierazleak
  • Komunikazioa bultzatzeko irakas-estrategiak

Ikastaroa dagoeneko erabili nahi duten guztien esku dago eta CC lizentzia baten pean erabil daiteke.


Nola eskuratu ikastaroa:

2013-01-22

On-line formaziorako plataformen erabileraren azterketa

Irakurri berri dugu Edutec aldizkarian Análisis DAFO de la utilidad de las plataformas de formación online para el entrenamiento en competencias de estudiantes universitarios artikulua. Bertan Raimundo Castaño, Cristina Jenaro eta Noelia Flores-ek Salamancako Universidad Pontificia-n ikasten ari diren 64 lagunen galdetegiak aztertzen dira IKT-en bidezko irakaskuntzaren abantailak, desabantailak, zailtasunak eta aukerak ezagutu nahian.

Lanean ez dira agertzen ikasle horiek IKT-en bidez jasotako formazioaren ezaugarriak eta, beraz, zaila da azterketaren emaitzak beren kontestuan kokatzea. Hala ere, emaitzak deigarriak dira eta lanaren egileek eztabaidarako planteatzen dituzten puntuak, berriz, oso esanguratsuak.

Sorta bati ekin nahi diogu aipatutako artikuluaren inguruan egingo ditugun ekarpen hauekin. Lehen atala izango da hau eta ondoren etorriko dira beste hainbat. Horietan arazoa erakusten saiatuko gara eta baita atal bakoitzari balizko erantzuna ematen bai.

Lanaren emaitzak hiru kategoriatan banatu dira azterketarako: informazioa, ikaskuntza eta elkarreragina eta horietako bakoitzean aztertu dira abantailak, desabantailak, zailtasunak eta aukerak.

Desabantailen atalari dagokionez, emandako erantzunetan argi ikusten da ikasleek elkarreragin birtualerako muga handiak ikusten dituztela eta harrigarria da El profesor no te conoce erantzuna. Birtualitatean (on line ereduetan) sortzen den elkarreragina oso gai korapilatsua da eta aztertzeko era sinpleenetako bat eremu presentzialetan sortzen denarekin alderatzea da.

Ikaskuntza esanguratsuari dagokionez, adierazgarria da oso ikasleek azalpenak ematen dituen figura bat eskatzea eta formazio presentziala osoagotzat hartzea. Baita ikasle eta irakasleen arteko harreman eza ere, gainontzeko ikasleen iritzietatik ikasteko aukera erreibindikatuz. Taldekako lanik ez izatea ere desabaintailetan txertatzen dute eta irakaslearekiko harreman zuzena galtzea ere bai.

Inforrmazioaren trataeraren atalean koherentzia-falta somatzen dute ikasleek gaiak interneten ipintzean.

Zailtasunen artean, berriz, elkarreraginerako bitartekoak aipatzen dira eta hemen ere irakasleekiko harreman zuzena agertzen da zailtasun gisa.

Ondorengo puntuok ekartzen ditu lanak aurrerantzean landu beharreko aztergai gisa.
  • Eztabaidarako atalean, autoreek goraipatu egiten dute on-line formazioan irakasleak izan behar duela prozesuaren kontrola, eta formazioak hurbila, parte hartzailea eta inplikatiboa izan behar duela. 
  • Norberaren ikaskuntza-prozesua kudeatzeko gaitasunak izatea ezinbestekotzat jotzen da lan honetan.
  • On-line formatuan eskaintzen den informazioaren kalitatea ere zalantzan jartzen du, bai irakasleen gaitasun eskasagatik, bai irakaskuntza eta teknologiaren dikotomian azken honen alde egiteagatik.
  • Blended learning-aren erreibindikazioa egiten da argi eta garbi harreman zuzenetarako zailtasuna gainditzeko bide gisa.

CASTAÑO, R.; JENARO, C. &  FLORES, N. (2012). Análisis DAFO de la utilidad de las
plataformas de formación online para el entrenamiento en competencias de estudiantes
universitarios.EDUTEC, Revista Electrónica de Tecnología Educativa, 42. 13/01/11-n jasoa hemen:
http://edutec.rediris.es/Revelec2/Revelec42/analisis_DAFO_utilidad_plataformas_formacio
n_online_competencias.html


2010-12-02

Moodle-ren oinarrizko erabilera izeneko ikastaroa denon esku

2010eko azaroan zehar eta UEUk antolatuta, Moodle-ren oinarrizko erabilera izeneko ikastaroa eman dugu. 23 lagunek hartu dute parte 15 orduko iraupena izan duen ikastaro honetan.

Gaurtik aurrera ikastaro hau denon esku izango da, ikasi eta irakasteko esperientzia hau partekatu eta baten batek egokia iritziz gero, berrerabil dezan.

Ikastaroaren planteamendua Moodle plataforma kudeatzen ikastaroan erabilitakoaren ildo berekoa da.

Ikastaroaren helburua bikoitza da:
  • Moodle-k ikastaroak sortzeko eskaintzen dituen tresnak ezagutzea
  • Ikastaroa egiten dutenei Moodle modu autonomoan erabiltzen ikasi ahal izateko baliabideak eskaintzea
Ikastaroa 30 bat ordutan egiten da eta bi eratara erabiltzeko modukoa da:
  • Nork bere kasa, ikasle gisa. Ikastaroaren gida erabilita, edonork egin dezake ikastaroa.
  • Irakasle gisa talde bati eskaintzea. Irakaslearen gisa erabilita, Moodle-ren ezagutza zabalagoa duen edonork eskain diezaioke talde bati ikastaroa.
Ikastaroa hemendik jaitsi daiteke eta CC lizentziapean erabili.



2010-06-24

Moodle plataforma kudeatzen izeneko ikastaroa denon esku

2009-2010 ikasturteko azken hiruhilekoan Moodle plataforma kudeatzen izeneko ikastaroa eman dugu, 2010eko apirilaren 26tik maiatzaren 25era, hain zuzen ere. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren GARATU prestakuntza-planaren barruan antolatuta, 18 irakaslek hartu dute parte. Ikastaroaren iraupena 20 ordukoa izan da.

Gaurtik aurrera ikastaro hau denon esku izango da, ikasi eta irakasteko esperientzia hau partekatu eta baten batek egokia iritziz gero, berrerabil dezan.

Ikastaroaren planteamendua eta diseinua


Ikastaroa on-line eman badugu ere, presentziazko bi saio izan ditu. Lehenengoaren helburua ikastaroa ezagutarazi eta partaideek elkar ezagutzea izan da: bertan aztertu dira helburuak, erabili beharreko baliabideak eta garatuko zen metodologia. Bigarren saioan, ikastaroaren bukaeran egindakoa, bai ikasleek bai irakasleek ikastaroaren ebaluazio kualitatibo eta kuantitatiboa egin dute.

Ikastaroaren helburuak

Bi helburu-mota izan ditugu ikastaro honetan: a) epe laburrera begirakoak, eta b) epe ertain-luzera begirakoak.

Epe laburrerako helburu gisa, Moodle instalazio baten oinarrizko kudeaketa-lanak egiteko gaitasuna lortzea ezarri dugu: plataformaren kudeaketa-baliabideak ezagutzea, baliabide horiek aztertu eta erabiltzen trebatzea, eskaintzen dituzten aukeren ondorioez jabetzea eta norberaren neurrirako erabakiak hartu ahal izatea.

Epe luzera begira, berriz, ikastaroa bukatu ondoren ikasleek Moodle instalazio bat kudeatzeko gaitasuna nork bere kasa garatu ahal izateko prestakuntza ematea izan da gure helburua. Horretarako, autoebaluazioa egiteko erabili dugun gaitasunen zerrendari esker ikas-prozesua irudikatzeko eta hemendik aurrera planifikatzeko nahiz ebaluatzeko materiala eskainiko diegu ikasleei.

Ikastaroaren antolamendua: saioak

Ikastaroak lau saio izan ditu eta horietako bakoitzean Moodle-ren kudeaketarekin lotutako gaiak landu ditugu:
  • Lehen saioa: rolak, baimenak, autentifikazioa eta erabiltzaileak
  • Bigarren saioa: ikastaroak, kalifikazioak eta moduluak
  • Hirugarren saioa: hizkuntza, itxura eta hasiera-orria
  • Laugarren saioa: segurtasuna, zerbitzaria eta txostenak
Ikastaroaren diseinu didaktikoa

Hona hemen ikastaroan zehar saioz saio errepikatu den egitura didaktikoa:
  • Autoebaluazioa
  • Lanketa
  • Praktika
  • Hausnarketa
  • Autoebaluazioa
Autoebaluazioa

Moodle-ren kudeatzaile batek lortu beharreko gaitasunak kudeatzailea rolaren baimenetan oinarrituta definitu dira eta can do edo gai naiz moldera ekarri genituen. Autoebaluazio-aldietan ikasleak ondorengoak lortzea nahi genuen:
  1. Lortu beharreko gaitasun guztien berri izatea
  2. Edozein unetan irizpide ezagun eta ulergarrien bidez bere aurrerapena ebaluatu ahal izatea
  3. Ikastaroa bukatuta, ikas-prozesuarekin aurrera egiteko bitartekoak eskuratzea.
Sei aldiz egingo da autoebaluazioa gutxienez ikastaroan zehar: ikastaro hasiera, bukaeran eta saio bakoitzean.

Moodle-ko inkesta (Feedback) izeneko modulua erabili dugu honetarako.

Lanketa

Egitura didaktikoaren bigarren aldi honetan saio bakoitzari dagozkion gaitasunen inguruko informazio argi, labur eta ulergarria eskaintzen zaio ikasleari, eta tarteka informazio horiei buruzko galderak planteatu ditugu ulermena ziurtatze aldera.

Moodle-ko ikasgaia modulua erabili dugu honetarako.

Praktika

Ikastaroaren ezaugarriak eta helburuak kontuan hartuta, ezinbesteko dute ikasleek lortu beharreko gaitasunak praktikan ipintzea. Ikastaroaren helburua ez da hainbat ezagutza teoriko eskuratzea, gaitasun-maila jakin batera iristeko ikas-prozesua garatzea baizik Horretarako, ikastaroan zehar ikasleek berek kudeatzeko beste Moodle instalazio bat izan dute eta bertan egin dituzte 21 jardueraz osatutako lau praktika-saioak. Praktiketako jarduerak definitzeko bi oinarri erabili dira: autoebaluaziorako formularioan ezarritako gaitasunak eta hausnarketarako erabili den galdera-multzoa.

Praktika egiteko beste Moodle instalazio bat egin dugu.

Hausnarketa

Praktikak burutu ondoren hausnarketa egiteko unea proposatu dugu. Praktiketarako erabilitako jarduerak oinarri hartuta, ikasleak Moodle-ren instalazioaren ezaugarriekin lotutako hainbat erabaki hartzera bultzatu ditugu, landutako gaien inguruko galderak proposatuta. Ikasle guztiek aztertu behar zituzten gainontzekoen lana norberarena bukatu ondoren edo bitartean. Helburua erabaki kontzienteak hartzea zen hiru oinarri erabilita: landutakoa, praktikatutakoa eta gainontzekoen ekarriak.

Moodle-ko wikia modulua erabili dugu honetarako.

Autoebaluzioa

Egitura ziklikoaren amaiaera iritsita, berriz ere autoebaluazio-inkesta erabili behar izan dute ikasleek zikloaren hasierako aldian burututako lana berrikusteko.

Erabilitako ebaluazio-irizpideak

Irakasleok ikastaroaren ebaluazioa egiteko sei atal erabili ditugu:
  • Partaidetza: ikastaroan zehar Jardueren foroan egindako ekarpenak baloratu ditugu atal honetan, 0tik 1era bitartean puntuatuz.
  • Lau saioak: saio bakoitzean egindako lanek bere balorazioa izan dute (ikasgaiak 0-100, adibidez) eta saio bakoitza 0tik 1,5era dago puntuatuta.
  • Praktikak: saioz saio egindako praktiketarako 21 jarduerak baloratu ditugu eta 0tik 3ra puntuatu dugu atal hau.
Ikastaroaren bukaerako puntuazioa 6 atal horietan lortutakoen batuketa izango da, 0tik 10era.

Parametro horien arabera antolatu dugu ikastaroaren kalifikazio-liburua. Saio bakoitzak, partaidetzak eta praktikek kalifikazio-kategoria bana osatzen dute eta kategoria bakoitzak pisu ezberdina du ikastaro osoaren ebaluazioan. Partaidetzak azken kalifikazioaren % 10 ekarri du, saio bakoitzak % 15 eta praktikek % 30.

Ikastaroaren ebaluazioa

Ikastaroaren balorazioa egiteko orduan, oso garrantzizkoa izan da ikastaroaren izaera bera. Moodle-ren kudeaketari buruzko 20 orduko ikastaroa antolatzeak derrigorrezko egiten zuen hartzaileek aldez aurretiko gutxieneko ezagutza izatea. Hori dela-eta eskaintza Moodle instalazioen kudeaketan ari zirenei luzatu zitzaien. Izena emandakoen artean, hala ere, irakasle lanetan trebatutako partaideak izan dira eta horrek zaildu egin du helburuen lorpena.

Gure harridurarako, ordea, ikasleek oso emaitza onak lortu dituzte. Aipatu behar da 20 orduko lana aurreikusita bagenuen ere, ikasleek askoz ordu gehiago egin dituztela eta horiei eta ikastaroan zehar egindako moldaketei esker ikastaroaren helburu nagusietara heltzea lortu dugula.

2010-06-21

Moodle 2.0: ikasgela birtualetik ikasteko ingurune pertsonalera

CAMACHO, A.; LONBIDE, P. (2010): Moodle 2.0: ikasgela birtualetik ikasteko ingurune pertsonalera
  • MoodleMoot Euskadi 2010 jardunaldietan aurkeztutako komunikazioa
  • Errenterian, 2010eko ekainaren 18an
  • Antolatzailea: Tnika
Moodle 2.0 Ikasgelatik Ingurune Pertsonalera