Mostrando entradas con la etiqueta autoikaskuntza. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta autoikaskuntza. Mostrar todas las entradas

2013-01-22

On-line formaziorako plataformen erabileraren azterketa

Irakurri berri dugu Edutec aldizkarian Análisis DAFO de la utilidad de las plataformas de formación online para el entrenamiento en competencias de estudiantes universitarios artikulua. Bertan Raimundo Castaño, Cristina Jenaro eta Noelia Flores-ek Salamancako Universidad Pontificia-n ikasten ari diren 64 lagunen galdetegiak aztertzen dira IKT-en bidezko irakaskuntzaren abantailak, desabantailak, zailtasunak eta aukerak ezagutu nahian.

Lanean ez dira agertzen ikasle horiek IKT-en bidez jasotako formazioaren ezaugarriak eta, beraz, zaila da azterketaren emaitzak beren kontestuan kokatzea. Hala ere, emaitzak deigarriak dira eta lanaren egileek eztabaidarako planteatzen dituzten puntuak, berriz, oso esanguratsuak.

Sorta bati ekin nahi diogu aipatutako artikuluaren inguruan egingo ditugun ekarpen hauekin. Lehen atala izango da hau eta ondoren etorriko dira beste hainbat. Horietan arazoa erakusten saiatuko gara eta baita atal bakoitzari balizko erantzuna ematen bai.

Lanaren emaitzak hiru kategoriatan banatu dira azterketarako: informazioa, ikaskuntza eta elkarreragina eta horietako bakoitzean aztertu dira abantailak, desabantailak, zailtasunak eta aukerak.

Desabantailen atalari dagokionez, emandako erantzunetan argi ikusten da ikasleek elkarreragin birtualerako muga handiak ikusten dituztela eta harrigarria da El profesor no te conoce erantzuna. Birtualitatean (on line ereduetan) sortzen den elkarreragina oso gai korapilatsua da eta aztertzeko era sinpleenetako bat eremu presentzialetan sortzen denarekin alderatzea da.

Ikaskuntza esanguratsuari dagokionez, adierazgarria da oso ikasleek azalpenak ematen dituen figura bat eskatzea eta formazio presentziala osoagotzat hartzea. Baita ikasle eta irakasleen arteko harreman eza ere, gainontzeko ikasleen iritzietatik ikasteko aukera erreibindikatuz. Taldekako lanik ez izatea ere desabaintailetan txertatzen dute eta irakaslearekiko harreman zuzena galtzea ere bai.

Inforrmazioaren trataeraren atalean koherentzia-falta somatzen dute ikasleek gaiak interneten ipintzean.

Zailtasunen artean, berriz, elkarreraginerako bitartekoak aipatzen dira eta hemen ere irakasleekiko harreman zuzena agertzen da zailtasun gisa.

Ondorengo puntuok ekartzen ditu lanak aurrerantzean landu beharreko aztergai gisa.
  • Eztabaidarako atalean, autoreek goraipatu egiten dute on-line formazioan irakasleak izan behar duela prozesuaren kontrola, eta formazioak hurbila, parte hartzailea eta inplikatiboa izan behar duela. 
  • Norberaren ikaskuntza-prozesua kudeatzeko gaitasunak izatea ezinbestekotzat jotzen da lan honetan.
  • On-line formatuan eskaintzen den informazioaren kalitatea ere zalantzan jartzen du, bai irakasleen gaitasun eskasagatik, bai irakaskuntza eta teknologiaren dikotomian azken honen alde egiteagatik.
  • Blended learning-aren erreibindikazioa egiten da argi eta garbi harreman zuzenetarako zailtasuna gainditzeko bide gisa.

CASTAÑO, R.; JENARO, C. &  FLORES, N. (2012). Análisis DAFO de la utilidad de las
plataformas de formación online para el entrenamiento en competencias de estudiantes
universitarios.EDUTEC, Revista Electrónica de Tecnología Educativa, 42. 13/01/11-n jasoa hemen:
http://edutec.rediris.es/Revelec2/Revelec42/analisis_DAFO_utilidad_plataformas_formacio
n_online_competencias.html


2012-09-13

Agur autoikaskuntza, agur

Santurtziko Udal Euskaltegiak 1998ko irailean jarri zuen martxan gel@irekia izeneko auto-ikaskuntzarako zerbitzua. Ordutik hona bide luzea egin dugu eta aurten, zoritxarrez eta HABEk ezarritako baldintzek eta murriztapenek behartuta, urte horietan guztietan egindako lanari akabera eman beharra izan dugu. Horrela, 2012-2013 ikasturtean ez dugu autoikaskuntzarako ohiko ikastarorik eskainiko.

Garai hartan ohiko irakaskuntza-moldeak zituen mugez jabetuta, ikasleari ahalik eta aukera gehien eskaini behar geniola argi ikusi genuen: taldean eta bakarka, euskaltegira joanda eta urrutitik, irakaslearen laguntzaz zein bere kasa. Eta batez ere, euskaltegiak aldez aurretik ezarritako eskema itxietara mugatu gabe, zerbitzua ikaslearen beharretara moldatzeko ahalegina egin beharra sumatu genuen.

Arrazoi horiek eraman gintuzten bestelako ikas-bide batzuk ikertzera. Lan eta eztabaida askoren ondoren  eskaini eta eman genituen. Ageriko kontua da arrakasta handia izan dutela eta milaka ikasle izan ditugu autoikaskuntza tutorizatuan azken urte hauetan. Saiakera horietan egin  ditugun akatsak asko izan dira, ondo eta egoki egindakoak ere bai, baina batez ere euskararen ikaskuntza bultzatzeko etengabeko hausnarketa-prozesu batean ibili gara, argi-itzalak eta gorabeherak izan dituena baina emaitza onak ere lortu dituena. Horixe da, azken batean, etengabeko berrikuntza-prozesu batez espero izatekoa.

2012-2013 ikasturtearen hasiera gaudela, berriz, agur esan behar diegu urte hauetako lan eta esperientzei.

Hori horrela izateko arrazoi nagusia HABEk autoikaskuntza-moldean ari diren ikasleak diruz laguntzeko prozedura aldatzea izan da. Oraintsu arte zenbat ikasle izan, hainbat irakasle diruz lagundu. Pasa den ikasturtetik aurrera, asistentzia erreala hartu du HABEk irizpidetzat euskaltegiari ikasle horien irakasle-soldatak ordaintzeko. Gure kasuan, 2011-2012 ikasturtean 3 irakasle aritu dira 120 bat ikasle atenditzeko. 120 ikasle horien benetako asistentzia %50ekoa izan denez, 2012-2013 ikasturtean irakasle eta erdi ordainduko digu HABEk, daukagun ikasle-kopurua gorabehera. Horrela, pare bat ikasturtetan akabo!

Hemen ez gara luzatuko asistentzia hori kalkulatzeko HABEk erabili duen irizpide-aniztasunean (ederra litzateke ikasle bakoitzaren kasuan eskola jaso ote duen neurtzeko irizpidea ez aldatzea eta beti bat izatea, lortu nahi den kalkuluaren emaitza edozein dela) baina euskaltegietan ohiko taldeetan horrelaxe jokatuta, akabo euskaltegiak ere! Eta Hizkuntza Eskola Ofizialak, eta  unibertsitate publikoak...

Hala ere, jakin badakigu 1998an autoikaskuntzarako zerbitzua sortzera eraman gintuzten arrazoiak gaur egun ere hor direla. Horregatik, ez dugu etsiko eta, orain arte bezala, aurrera egingo dugu Helduen Euskalduntzeak behar dituen berrikuntzak ahal dugun neurrian bultzatuz.