Mostrando entradas con la etiqueta ikastaroak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta ikastaroak. Mostrar todas las entradas

2012-10-11

Mahara, portfolio digitalak sortzeko tresna


Mahara, portfolio digitalak sortzeko tresna izeneko ikastaroa eman berri dugu HABEk irakasleen prestakuntzarako burutzen duen planaren barruan, Bilbon, 2012ko irailaren 18an eta 19an.

Ikastaro hau Moodle-ren 2.0 bertsioan dago diseinatuta.eta hemendik aurrera denon esku izango da, ikasi eta irakasteko esperientzia hau partekatu eta baten batek egokia iritziz gero, berrerabil dezan.

Irakatsi eta ikasteko prozesuetan eta bereziki hizkuntzen irakaskuntzan garrantzia handia hartu dute ikasleen portfolioek. Horren adibide garbia da Europako Kontseiluak bultzatutako Hizkuntzen Portfolio Europarra.

Portfolio horien bertsio digitalek ere hartu dute beren lekua inguruko hizkuntzen ikasleen artean eta euskara-irakasleek berandu baino lehen heldu beharko diote gai honi.

2006.urtean sortua, Mahara plataforma elkarlanean ari diren New Zealand's Tertiary Education Commission's e-learning Collaborative Development Fund (eCDF) Massey University laguntzarekin, Auckland University of Technology, The Open Polytechnic of New Zealand, Victoria University of Wellington eta Catalyst IT Limited erakundeen emaitza da.

Mahara aldi berean portfolio elektroniko, blog eta gizarte-sarea da, erabiltzaile ugari harremanetan jarri eta online komunitateak sortzeko aukera ematen duena.

Proiektuaren helburua erabiltzailearengan zentratutako bizitza osoko prestakuntzarako ingurunea sortzea da.

Mahara kode irekiko softwarez hornituta dago, GNU Public lizentziarekin. Hainbat hizkuntzatan erabil daiteke eta euskarazko bertsioa ere erabilgarri dago.

Nola eskuratu ikastaroa:

2012-07-03

Ebaluazioa Moodle-n: kalifikazio-liburua eta tailerra


2012ko ekainaren 28an eta 29an Ebaluazioa Moodle-n: kalifikazio-liburua eta tailerra izeneko ikastaroa eman dugu Eibarren, Udako Euskal Unibertsitatearen udako Ikastaroen programaren barruan.

Ikastaroa 10 ordukoa izan da eta Moodle-ren ebaluaziorako hainbat tresna landu nahi izan ditugu: kalifikazio-liburua eta tailerra.

Hona hemen helburuak:
  • Ebaluazio-estretegiez hausnarketa bultzatzea
  • Moodle-k ebaluaziorako eskaintzen dituen tresnak ezagutzea
  • Moodle-ren kalifikazio-liburua norberaren beharretara egokitzen trebatzea
  • Moodle-ren tailerra modulua erabiltzen trebatzea
Edukiak:
  • Ebaluazioaren zenbait dimentsio
  • Ebaluazio-motak: formatiboa, sumatiboa eta ko-ebaluazioa
  • Moodle-ren ebaluaziorako tresnak
  • Moodle-ren kalifikazio-liburua: kategoriak, kalifikazio-elementuak, kalifikatzailea eta erabiltzailearen txostena
  • Moodle-ren tailerra: ezarpenak, lanen bidalketa, ebaluazio-aldia, kalifikazioa ebaluatzeko aldia eta rol-esleipenak
Ikastaroa dagoeneko erabili nahi duten guztien esku dago eta CC lizentzia baten pean erabil daiteke.

Moodle-ren 2.0tik aurrerako bertsioetarako diseinatuta dago.

Nola eskuratu ikastaroa:


2012-06-04

Moodle-ren erabilera aurreratua ikastaroa

2012ko maiatzean zehar eta UEUk antolatuta, Moodle-ren erabilera aurreratua izeneko ikastaroa eman dugu. 20 lagunek hartu dute parte 25 orduko iraupena izan duen ikastaro honetan.

Gaurtik aurrera ikastaro hau denon esku izango da, ikasi eta irakasteko esperientzia hau partekatu eta baten batek egokia iritziz gero, berrerabil dezan.

Ikastaroa Moodle 2.0tik aurrerako bertsioen erabileran oinarrizko ezagutza duten irakasleei zuzenduta dago. Ikastaroaren amaieran parte hartzaile bakoitzak bere jakintza-esparruko ikasgai bat molde birtualean eskaini ahal izateko ikastaroa sortu beharko du. Hori dela-eta, ikastaroa sortu eta kudeatu ahal izateko baliabideak eta tresnak landuko dira.

Ikastaroaren planteamendua Moodle plataforma kudeatzen eta Moodle-ren oinarrizko erabilera ikastaroetan erabilitakoaren ildo berekoa da: ikastaroa bost saiotan banatuta dago eta horietako bakoitzean honako egitura didaktiko hau errepikatuko da:
  • Autoebaluazioa
  • Lanketa
  • Praktika
  • Hausnarketa
  • Autoebaluazioa
Horren bitartez, epe luzera begirako helburu bat bultzatu nahi dugu: ikasleen ikas-prozesu autonomoa mesedetzea. Horretarako, nork bere kasa ikasten segitu ahal izateko baliabideak eskaini nahi ditugu.

Ikastaroa 25 bat ordutan egiten da eta bi eratara erabiltzeko modukoa da:
  • Nork bere kasa, ikasle gisa. Ikastaroaren gida erabilita, edonork egin dezake ikastaroa.
  • Irakasle gisa talde bati eskaintzea. Irakaslearen gisa erabilita, Moodle-ren ezagutza zabalagoa duen edonork eskain diezaioke talde bati ikastaroa. 
Ikastaroa hemendik jaitsi daiteke eta CC lizentziapean erabili.

Nola eskuratu ikastaroa:

2010-12-02

Moodle-ren oinarrizko erabilera izeneko ikastaroa denon esku

2010eko azaroan zehar eta UEUk antolatuta, Moodle-ren oinarrizko erabilera izeneko ikastaroa eman dugu. 23 lagunek hartu dute parte 15 orduko iraupena izan duen ikastaro honetan.

Gaurtik aurrera ikastaro hau denon esku izango da, ikasi eta irakasteko esperientzia hau partekatu eta baten batek egokia iritziz gero, berrerabil dezan.

Ikastaroaren planteamendua Moodle plataforma kudeatzen ikastaroan erabilitakoaren ildo berekoa da.

Ikastaroaren helburua bikoitza da:
  • Moodle-k ikastaroak sortzeko eskaintzen dituen tresnak ezagutzea
  • Ikastaroa egiten dutenei Moodle modu autonomoan erabiltzen ikasi ahal izateko baliabideak eskaintzea
Ikastaroa 30 bat ordutan egiten da eta bi eratara erabiltzeko modukoa da:
  • Nork bere kasa, ikasle gisa. Ikastaroaren gida erabilita, edonork egin dezake ikastaroa.
  • Irakasle gisa talde bati eskaintzea. Irakaslearen gisa erabilita, Moodle-ren ezagutza zabalagoa duen edonork eskain diezaioke talde bati ikastaroa.
Ikastaroa hemendik jaitsi daiteke eta CC lizentziapean erabili.



2010-06-24

Moodle plataforma kudeatzen izeneko ikastaroa denon esku

2009-2010 ikasturteko azken hiruhilekoan Moodle plataforma kudeatzen izeneko ikastaroa eman dugu, 2010eko apirilaren 26tik maiatzaren 25era, hain zuzen ere. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren GARATU prestakuntza-planaren barruan antolatuta, 18 irakaslek hartu dute parte. Ikastaroaren iraupena 20 ordukoa izan da.

Gaurtik aurrera ikastaro hau denon esku izango da, ikasi eta irakasteko esperientzia hau partekatu eta baten batek egokia iritziz gero, berrerabil dezan.

Ikastaroaren planteamendua eta diseinua


Ikastaroa on-line eman badugu ere, presentziazko bi saio izan ditu. Lehenengoaren helburua ikastaroa ezagutarazi eta partaideek elkar ezagutzea izan da: bertan aztertu dira helburuak, erabili beharreko baliabideak eta garatuko zen metodologia. Bigarren saioan, ikastaroaren bukaeran egindakoa, bai ikasleek bai irakasleek ikastaroaren ebaluazio kualitatibo eta kuantitatiboa egin dute.

Ikastaroaren helburuak

Bi helburu-mota izan ditugu ikastaro honetan: a) epe laburrera begirakoak, eta b) epe ertain-luzera begirakoak.

Epe laburrerako helburu gisa, Moodle instalazio baten oinarrizko kudeaketa-lanak egiteko gaitasuna lortzea ezarri dugu: plataformaren kudeaketa-baliabideak ezagutzea, baliabide horiek aztertu eta erabiltzen trebatzea, eskaintzen dituzten aukeren ondorioez jabetzea eta norberaren neurrirako erabakiak hartu ahal izatea.

Epe luzera begira, berriz, ikastaroa bukatu ondoren ikasleek Moodle instalazio bat kudeatzeko gaitasuna nork bere kasa garatu ahal izateko prestakuntza ematea izan da gure helburua. Horretarako, autoebaluazioa egiteko erabili dugun gaitasunen zerrendari esker ikas-prozesua irudikatzeko eta hemendik aurrera planifikatzeko nahiz ebaluatzeko materiala eskainiko diegu ikasleei.

Ikastaroaren antolamendua: saioak

Ikastaroak lau saio izan ditu eta horietako bakoitzean Moodle-ren kudeaketarekin lotutako gaiak landu ditugu:
  • Lehen saioa: rolak, baimenak, autentifikazioa eta erabiltzaileak
  • Bigarren saioa: ikastaroak, kalifikazioak eta moduluak
  • Hirugarren saioa: hizkuntza, itxura eta hasiera-orria
  • Laugarren saioa: segurtasuna, zerbitzaria eta txostenak
Ikastaroaren diseinu didaktikoa

Hona hemen ikastaroan zehar saioz saio errepikatu den egitura didaktikoa:
  • Autoebaluazioa
  • Lanketa
  • Praktika
  • Hausnarketa
  • Autoebaluazioa
Autoebaluazioa

Moodle-ren kudeatzaile batek lortu beharreko gaitasunak kudeatzailea rolaren baimenetan oinarrituta definitu dira eta can do edo gai naiz moldera ekarri genituen. Autoebaluazio-aldietan ikasleak ondorengoak lortzea nahi genuen:
  1. Lortu beharreko gaitasun guztien berri izatea
  2. Edozein unetan irizpide ezagun eta ulergarrien bidez bere aurrerapena ebaluatu ahal izatea
  3. Ikastaroa bukatuta, ikas-prozesuarekin aurrera egiteko bitartekoak eskuratzea.
Sei aldiz egingo da autoebaluazioa gutxienez ikastaroan zehar: ikastaro hasiera, bukaeran eta saio bakoitzean.

Moodle-ko inkesta (Feedback) izeneko modulua erabili dugu honetarako.

Lanketa

Egitura didaktikoaren bigarren aldi honetan saio bakoitzari dagozkion gaitasunen inguruko informazio argi, labur eta ulergarria eskaintzen zaio ikasleari, eta tarteka informazio horiei buruzko galderak planteatu ditugu ulermena ziurtatze aldera.

Moodle-ko ikasgaia modulua erabili dugu honetarako.

Praktika

Ikastaroaren ezaugarriak eta helburuak kontuan hartuta, ezinbesteko dute ikasleek lortu beharreko gaitasunak praktikan ipintzea. Ikastaroaren helburua ez da hainbat ezagutza teoriko eskuratzea, gaitasun-maila jakin batera iristeko ikas-prozesua garatzea baizik Horretarako, ikastaroan zehar ikasleek berek kudeatzeko beste Moodle instalazio bat izan dute eta bertan egin dituzte 21 jardueraz osatutako lau praktika-saioak. Praktiketako jarduerak definitzeko bi oinarri erabili dira: autoebaluaziorako formularioan ezarritako gaitasunak eta hausnarketarako erabili den galdera-multzoa.

Praktika egiteko beste Moodle instalazio bat egin dugu.

Hausnarketa

Praktikak burutu ondoren hausnarketa egiteko unea proposatu dugu. Praktiketarako erabilitako jarduerak oinarri hartuta, ikasleak Moodle-ren instalazioaren ezaugarriekin lotutako hainbat erabaki hartzera bultzatu ditugu, landutako gaien inguruko galderak proposatuta. Ikasle guztiek aztertu behar zituzten gainontzekoen lana norberarena bukatu ondoren edo bitartean. Helburua erabaki kontzienteak hartzea zen hiru oinarri erabilita: landutakoa, praktikatutakoa eta gainontzekoen ekarriak.

Moodle-ko wikia modulua erabili dugu honetarako.

Autoebaluzioa

Egitura ziklikoaren amaiaera iritsita, berriz ere autoebaluazio-inkesta erabili behar izan dute ikasleek zikloaren hasierako aldian burututako lana berrikusteko.

Erabilitako ebaluazio-irizpideak

Irakasleok ikastaroaren ebaluazioa egiteko sei atal erabili ditugu:
  • Partaidetza: ikastaroan zehar Jardueren foroan egindako ekarpenak baloratu ditugu atal honetan, 0tik 1era bitartean puntuatuz.
  • Lau saioak: saio bakoitzean egindako lanek bere balorazioa izan dute (ikasgaiak 0-100, adibidez) eta saio bakoitza 0tik 1,5era dago puntuatuta.
  • Praktikak: saioz saio egindako praktiketarako 21 jarduerak baloratu ditugu eta 0tik 3ra puntuatu dugu atal hau.
Ikastaroaren bukaerako puntuazioa 6 atal horietan lortutakoen batuketa izango da, 0tik 10era.

Parametro horien arabera antolatu dugu ikastaroaren kalifikazio-liburua. Saio bakoitzak, partaidetzak eta praktikek kalifikazio-kategoria bana osatzen dute eta kategoria bakoitzak pisu ezberdina du ikastaro osoaren ebaluazioan. Partaidetzak azken kalifikazioaren % 10 ekarri du, saio bakoitzak % 15 eta praktikek % 30.

Ikastaroaren ebaluazioa

Ikastaroaren balorazioa egiteko orduan, oso garrantzizkoa izan da ikastaroaren izaera bera. Moodle-ren kudeaketari buruzko 20 orduko ikastaroa antolatzeak derrigorrezko egiten zuen hartzaileek aldez aurretiko gutxieneko ezagutza izatea. Hori dela-eta eskaintza Moodle instalazioen kudeaketan ari zirenei luzatu zitzaien. Izena emandakoen artean, hala ere, irakasle lanetan trebatutako partaideak izan dira eta horrek zaildu egin du helburuen lorpena.

Gure harridurarako, ordea, ikasleek oso emaitza onak lortu dituzte. Aipatu behar da 20 orduko lana aurreikusita bagenuen ere, ikasleek askoz ordu gehiago egin dituztela eta horiei eta ikastaroan zehar egindako moldaketei esker ikastaroaren helburu nagusietara heltzea lortu dugula.

2009-01-01

Europako Erreferentzia Markoaren ekarpenak eta Portfolioa

HELBURUAK

1. Europako Erreferentzia Markoa: Hizkuntzen ikaskuntzarako irakaskuntzarako eta ebaluaziorako dokumentuaren ekarpenak aztertu.
2. Portfolioa Marko horretan kokatu.
3. Portfolioaren ezaugarriak aztertu eta hizkuntzen ikaskuntzarako baliagarritasuna baloratu.

EDUKIAK

1. Europako Erreferentzia Marko Bateratua (EEMB)
2. Hizkuntz gaitasuna ebaluatzeko erreferentzia-maila bateratuak: eskalak
3. Portfolioa eta atalak

Erreferentzia maila bateratuak: irizpideak eta gaitasun-mailak

HELBURU NAGUSIA

Prestakuntzarako saio-proposamen honetan bi helburu nagusi ditugu:

* Europako Kontseiluak, ALTErekin elkarlanean, bultzatu dituen hizkuntzak irakasteko, ikasteko eta ebaluatzeko Erreferentzia-Mailak aztertzea

* Erreferentzia-mailak zehazteko erabili izan diren deskribatzaileak eskola-testuingurura egokitu ahal izateko baliabideak eskaintzea


EDUKIAK

1.Hizkuntzen ikaskuntza sustatzeko tresnak berriak
1.1. Europako Erreferentzia Markoa
1.2. Hizkuntzen Portfolio Europarra.

2.Erreferentzia-mailak
2.1. Erreferentzia-mailak eta ekintzara bideratutako ikuspegia
2.2. Erreferentzia-mailak eta ikaslearen gaitasunak
2.3. Mailen deskribatzaileak zehazteko irizpideak
2.4. Deskribatzaile argigarrien eskalak: irakasteko, ikasteko eta ebaluatzeko baliabideak
2.5. Erreferentzia-mailak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: parekatzeko saioa

3.Lanerako prozedurak
3.1. Deskribatzaile argigarriak lantzeko prozedurak
3.2. Erreferentzia-mailak eta ikas-materialen egokitzapena

EGA eta Europako Erreferentzia Markoa

EZAUGARRI NAGUSIAK

Formazio-saioaren helburu nagusia EGA azterketaren zuzenketa-irizpideak Europako Erreferentzia Markoaren ekarriez osatzea da.

Iraupena: 3 ordu, honela banatuta

* Ordu beteko azalpen-saioa
* Bi orduko azteketa-lana

Lehenengo saioan Erreferentzia Markoaren ekarriak aztertuko ditugu orokorrean eta zehatzago C1 mailari dagozkionak.

Bigarren saioan, berriz, parte hartzen dutenek ekarri horien arabera aztertuko dute bi azterketariren jarduna eta Ebaluazio-fitxa osatzen saiatuko dira.


PROGRAMA

Helburuak

* Europako Markoa zertan den ezagutzea
* Ebaluazioa eta ebaluatzeko erak aztertzea
* C1 maila eta beronen deskribatzaile argigarrien eskalak aztertzea
* Ebaluazio-fitxa osatzea

Edukiak

1. Europako Erreferentzia Markoa
2. Ebaluazio-irizpide nagusiak
3. Deskribatzaile argigarrien eskalak

Moodle, ikaskuntza eta irakaskuntzarako plataforma

EZAUGARRI NAGUSIAK

Ikastaroaren helburu nagusia Moodle-ren oinarrizko ezagutza eskuratzea da.

Iraupena: 35 eskola-ordu, honela banatuta

* 10 orduko saio presentziala
* 20 orduko lana on-line
* 5 orduko saioa presentziala

Lehenengo bi saioetan aztertutakoa era praktikoan landuko da on-line egin beharreko 20 orduetan. Ordu kopurua gutxi gora beherakoa da, norberaren interesen eta beharren arabera.

Ikastaro osoa propio sortutako Moodle-ren instalazio batean egingo da. Horrela, ikastaroa egiten dutenek gune osoaren kudeaketarako sarbidea izango dute, nahi beste proba egin ahal izateko.


PROGRAMA

Helburuak

* Plataformak ikaskuntza-irakaskuntzarako erabil daitezkeen baliabideak ezagutzea
* Plataforma kudeatzeko baliabideak aztertzea
* Rolak eta baimenak aztertzea
* Moodle-ren instalazioa, kostea, migrazioa aztertzea

Edukiak

1. Plataformaren funtzionamendu orokorra
2. Moodle-ren baliabideak
3. Moodle-ren jarduerak
4. Moodle-ren blokeak
5. Baimenak, testuinguruak, rolak
6. Ikastaroaren Kudeaketa blokea
7. Gunearen Kudeaketa blokea