2012-10-11

Mahara, portfolio digitalak sortzeko tresna


Mahara, portfolio digitalak sortzeko tresna izeneko ikastaroa eman berri dugu HABEk irakasleen prestakuntzarako burutzen duen planaren barruan, Bilbon, 2012ko irailaren 18an eta 19an.

Ikastaro hau Moodle-ren 2.0 bertsioan dago diseinatuta.eta hemendik aurrera denon esku izango da, ikasi eta irakasteko esperientzia hau partekatu eta baten batek egokia iritziz gero, berrerabil dezan.

Irakatsi eta ikasteko prozesuetan eta bereziki hizkuntzen irakaskuntzan garrantzia handia hartu dute ikasleen portfolioek. Horren adibide garbia da Europako Kontseiluak bultzatutako Hizkuntzen Portfolio Europarra.

Portfolio horien bertsio digitalek ere hartu dute beren lekua inguruko hizkuntzen ikasleen artean eta euskara-irakasleek berandu baino lehen heldu beharko diote gai honi.

2006.urtean sortua, Mahara plataforma elkarlanean ari diren New Zealand's Tertiary Education Commission's e-learning Collaborative Development Fund (eCDF) Massey University laguntzarekin, Auckland University of Technology, The Open Polytechnic of New Zealand, Victoria University of Wellington eta Catalyst IT Limited erakundeen emaitza da.

Mahara aldi berean portfolio elektroniko, blog eta gizarte-sarea da, erabiltzaile ugari harremanetan jarri eta online komunitateak sortzeko aukera ematen duena.

Proiektuaren helburua erabiltzailearengan zentratutako bizitza osoko prestakuntzarako ingurunea sortzea da.

Mahara kode irekiko softwarez hornituta dago, GNU Public lizentziarekin. Hainbat hizkuntzatan erabil daiteke eta euskarazko bertsioa ere erabilgarri dago.

Nola eskuratu ikastaroa:

2012-09-13

Agur autoikaskuntza, agur

Santurtziko Udal Euskaltegiak 1998ko irailean jarri zuen martxan gel@irekia izeneko auto-ikaskuntzarako zerbitzua. Ordutik hona bide luzea egin dugu eta aurten, zoritxarrez eta HABEk ezarritako baldintzek eta murriztapenek behartuta, urte horietan guztietan egindako lanari akabera eman beharra izan dugu. Horrela, 2012-2013 ikasturtean ez dugu autoikaskuntzarako ohiko ikastarorik eskainiko.

Garai hartan ohiko irakaskuntza-moldeak zituen mugez jabetuta, ikasleari ahalik eta aukera gehien eskaini behar geniola argi ikusi genuen: taldean eta bakarka, euskaltegira joanda eta urrutitik, irakaslearen laguntzaz zein bere kasa. Eta batez ere, euskaltegiak aldez aurretik ezarritako eskema itxietara mugatu gabe, zerbitzua ikaslearen beharretara moldatzeko ahalegina egin beharra sumatu genuen.

Arrazoi horiek eraman gintuzten bestelako ikas-bide batzuk ikertzera. Lan eta eztabaida askoren ondoren  eskaini eta eman genituen. Ageriko kontua da arrakasta handia izan dutela eta milaka ikasle izan ditugu autoikaskuntza tutorizatuan azken urte hauetan. Saiakera horietan egin  ditugun akatsak asko izan dira, ondo eta egoki egindakoak ere bai, baina batez ere euskararen ikaskuntza bultzatzeko etengabeko hausnarketa-prozesu batean ibili gara, argi-itzalak eta gorabeherak izan dituena baina emaitza onak ere lortu dituena. Horixe da, azken batean, etengabeko berrikuntza-prozesu batez espero izatekoa.

2012-2013 ikasturtearen hasiera gaudela, berriz, agur esan behar diegu urte hauetako lan eta esperientzei.

Hori horrela izateko arrazoi nagusia HABEk autoikaskuntza-moldean ari diren ikasleak diruz laguntzeko prozedura aldatzea izan da. Oraintsu arte zenbat ikasle izan, hainbat irakasle diruz lagundu. Pasa den ikasturtetik aurrera, asistentzia erreala hartu du HABEk irizpidetzat euskaltegiari ikasle horien irakasle-soldatak ordaintzeko. Gure kasuan, 2011-2012 ikasturtean 3 irakasle aritu dira 120 bat ikasle atenditzeko. 120 ikasle horien benetako asistentzia %50ekoa izan denez, 2012-2013 ikasturtean irakasle eta erdi ordainduko digu HABEk, daukagun ikasle-kopurua gorabehera. Horrela, pare bat ikasturtetan akabo!

Hemen ez gara luzatuko asistentzia hori kalkulatzeko HABEk erabili duen irizpide-aniztasunean (ederra litzateke ikasle bakoitzaren kasuan eskola jaso ote duen neurtzeko irizpidea ez aldatzea eta beti bat izatea, lortu nahi den kalkuluaren emaitza edozein dela) baina euskaltegietan ohiko taldeetan horrelaxe jokatuta, akabo euskaltegiak ere! Eta Hizkuntza Eskola Ofizialak, eta  unibertsitate publikoak...

Hala ere, jakin badakigu 1998an autoikaskuntzarako zerbitzua sortzera eraman gintuzten arrazoiak gaur egun ere hor direla. Horregatik, ez dugu etsiko eta, orain arte bezala, aurrera egingo dugu Helduen Euskalduntzeak behar dituen berrikuntzak ahal dugun neurrian bultzatuz.

2012-07-03

Ebaluazioa Moodle-n: kalifikazio-liburua eta tailerra


2012ko ekainaren 28an eta 29an Ebaluazioa Moodle-n: kalifikazio-liburua eta tailerra izeneko ikastaroa eman dugu Eibarren, Udako Euskal Unibertsitatearen udako Ikastaroen programaren barruan.

Ikastaroa 10 ordukoa izan da eta Moodle-ren ebaluaziorako hainbat tresna landu nahi izan ditugu: kalifikazio-liburua eta tailerra.

Hona hemen helburuak:
  • Ebaluazio-estretegiez hausnarketa bultzatzea
  • Moodle-k ebaluaziorako eskaintzen dituen tresnak ezagutzea
  • Moodle-ren kalifikazio-liburua norberaren beharretara egokitzen trebatzea
  • Moodle-ren tailerra modulua erabiltzen trebatzea
Edukiak:
  • Ebaluazioaren zenbait dimentsio
  • Ebaluazio-motak: formatiboa, sumatiboa eta ko-ebaluazioa
  • Moodle-ren ebaluaziorako tresnak
  • Moodle-ren kalifikazio-liburua: kategoriak, kalifikazio-elementuak, kalifikatzailea eta erabiltzailearen txostena
  • Moodle-ren tailerra: ezarpenak, lanen bidalketa, ebaluazio-aldia, kalifikazioa ebaluatzeko aldia eta rol-esleipenak
Ikastaroa dagoeneko erabili nahi duten guztien esku dago eta CC lizentzia baten pean erabil daiteke.

Moodle-ren 2.0tik aurrerako bertsioetarako diseinatuta dago.

Nola eskuratu ikastaroa:


2012-06-04

Moodle-ren erabilera aurreratua ikastaroa

2012ko maiatzean zehar eta UEUk antolatuta, Moodle-ren erabilera aurreratua izeneko ikastaroa eman dugu. 20 lagunek hartu dute parte 25 orduko iraupena izan duen ikastaro honetan.

Gaurtik aurrera ikastaro hau denon esku izango da, ikasi eta irakasteko esperientzia hau partekatu eta baten batek egokia iritziz gero, berrerabil dezan.

Ikastaroa Moodle 2.0tik aurrerako bertsioen erabileran oinarrizko ezagutza duten irakasleei zuzenduta dago. Ikastaroaren amaieran parte hartzaile bakoitzak bere jakintza-esparruko ikasgai bat molde birtualean eskaini ahal izateko ikastaroa sortu beharko du. Hori dela-eta, ikastaroa sortu eta kudeatu ahal izateko baliabideak eta tresnak landuko dira.

Ikastaroaren planteamendua Moodle plataforma kudeatzen eta Moodle-ren oinarrizko erabilera ikastaroetan erabilitakoaren ildo berekoa da: ikastaroa bost saiotan banatuta dago eta horietako bakoitzean honako egitura didaktiko hau errepikatuko da:
  • Autoebaluazioa
  • Lanketa
  • Praktika
  • Hausnarketa
  • Autoebaluazioa
Horren bitartez, epe luzera begirako helburu bat bultzatu nahi dugu: ikasleen ikas-prozesu autonomoa mesedetzea. Horretarako, nork bere kasa ikasten segitu ahal izateko baliabideak eskaini nahi ditugu.

Ikastaroa 25 bat ordutan egiten da eta bi eratara erabiltzeko modukoa da:
  • Nork bere kasa, ikasle gisa. Ikastaroaren gida erabilita, edonork egin dezake ikastaroa.
  • Irakasle gisa talde bati eskaintzea. Irakaslearen gisa erabilita, Moodle-ren ezagutza zabalagoa duen edonork eskain diezaioke talde bati ikastaroa. 
Ikastaroa hemendik jaitsi daiteke eta CC lizentziapean erabili.

Nola eskuratu ikastaroa:

2012-02-14

Literatura ikasgelan II

Aurten jarri dugu abian Literatura ikasgelan izeneko proiektua. Oraingo honetan, proiektuaren bigarren atala eman nahi dugu argitara. Horretarako, Xabier Etxanizen Eta begiak itxi zituen izeneko ipuinean oinarritu gara. 

Bigarren atal honetan ipuinetan erabiltzen den sorpresa izan dugu aztergai.

2012-01-27

Literatura ikasgelan proiektua


Martxan jarri dugu Literatura ikasgelan izeneko proiektua. Honen bidez literatura euskara-ikasleei hurbiltzea lortu nahi dugu, literatur testuez gozatu eta hizkuntza aberasteko. Ez da literatura edo kritika lantzeko kastaro bat, baizik eta literaturara atseginez hurbiltzeko ahalegina.

Hainbat literatur testuren lanketaren bidez (gehienetan narrazioak izango dira), literatura irakurtzea atsegina izan daitekeela eta literatur lanak irakurtzea ez dela lan aspergarri eta nekagarria erakutsi nahi da. Honako puntu hauetan oinarritzen da proiektua: 
  • Literaturaren irakurketa erronka kognitiboa da, zailtasunei aurre egin eta borroka horretatik plazerra lortzea. Era askotakoa izan daiteke erronka: istorioarekin lotutakoa edota narrazioaren osagaien ingurukoa. Literatura zaleak bilatu egiten ditu erronka horiek eta horiek gainditzeko egin behar duen esfortzuak plazerra ekartzen dio, kirolariei gertatzen zaien bezalaxe.
  •  Literaturaren lanketak lagundu egin dezake ikasleen gaitasun komunikatiboa areagotzen. Literaturak jolastu egiten du hizkuntzarekin eta komunikazioa hizkuntzaren erabilera arrruntak ez bezalako oinarriekin lortzen du. Hizkuntzaren erabilera ezberdinek elikatu egiten dute elkar eta erabilera guzti horiek garatu egiten dute gaitasun komunikatibo orokorra.
Proiektua osatzen duten ikas-materialek Moodle plataformaren ikastaro-formatua dute (2.0 bertsioa). Ikastaroa gaika antolatuta dago: literatur testu bakoitzak gai bat hartuko du. Ikastaroa osorik edo gaika jaitsi daiteke eta erabili nahi duenak jaitsi ondoren bere plataforman berreskuratu eta bertan erabili beharko du. Hala ere, .odt eta .pdf formatuetan ere izango da eskuragarri.

Gaur proiektuaren lehenbiziko atala eman dugu argitara. Horretarako, Xabier Mendigurenen Merke-merke izeneko ipuinean oinarritu gara. Aldian-aldian argitaratuko dugu atal berria eta

Ikastaroa ikusi edo jaisteko: Literatura ikasgelan
Proiektuaren ezaugarriez gehiago jakiteko, jo irakaslearen gidara.

2011-10-18

Irakurmena lantzeko materialak. Hizkuntza komunikabideetan

 
Direla egun batzuk, beste dokumentu baten bila ari nintzela, aspaldi egindako material hauek topatu nituen. Antza denez, 2000-2001 ikasturtean egindakoak dira eta gezurra badirudi ere, zeharo ahaztuta eduki ditut azken urte hauetan.

Ondo gogoratzen ez banaiz ere, garai hartan Batxilerrerako ikasleei begirako ikas-materialak sortzeko proiektu batean parte hartzeko gonbitea jaso nuen. Proiektu hartan irakurmena eta idazmena lantzeko zenbait ariketa-sekuentzia diseinatzea egokitu zitzaidan. Urtebete lehenago-edo, Irakurriz ikasi liburua argitaratu nuen eta ildo metodologiko bereko materialak idazteko eskatu zidaten proiektu berrirako.

Testuen aukeraketa egitean, kontuan hartu beharreko testuingurua komunikabideak izan ziren, horietan hizkuntzaren zer-nolako erabilera gertatzen den aztertu ahal izateko. Testu guztiak, seigarren unitatekoa izan ezik, idatziak dira eta garai hartako Euskaldunon Egunkarian argitara emandakoak.

Kontua da proiektu hori bertan behera geratu zela eta neu zeharo ahaztu nintzela egindako lanaz. Orain, berriz, topatu dudanean, pentsatu dut inori gertatu ahal zaiola erabilgarri. Esan bezala, ez dut ezer ere ukitu, zeuden-zeudenean daude hemen, errore ortografiko bakar batzuk salbu.

Irakurmena lantzeko materialak bakarrik bildu ditut zeren idazmenari dagozkionak zirriborratuta baino ez daude. Ordu batzuk egin behar nituzke horretarako eta agian, animatzen banaiz, aurrerago helduko diet horiei.

Material hauek 7 unitatek osatzen dute:
 
UNITATEAK
LANGAIAK
1.    Nola irakurtzen duzu normalean
  • Irakur-estiloak
  • Irakur-helburuak
2.    Ebola, etsai ikustezina
  • Zailtasunen aurrean zer egin
  • Hitz gakoak
3.    Kontsumitzaileei oharra
  •  Testuaren informazio orokorra
  • Testuaren asmo komunikatiboa
  • Testuaren informazio xehea
4.    Bai mundu berria!
  • Irakurri aurreko hipotesiak
  • Informazio berria aurre-ezagutzekin lotu
5.    Irakurleak mintzo
  • Testuen asmo komunikatboa
6.    Gaur egun
  • Ahozko ulermenerako estrategien lanketa
7.    Hiztegi transgenikoa
  • Testuari eta errealitateari buruzko aurre-ezagutzen garrantzia


Materialak RTF formatuan jarri ditut hemen, baten batek zerbait gehitu edo aldatu nahi badu, errez egin ahal izateko. Bestela, scrib gunean duzue.

Irakurmena lantzeko materialak